Politika -
KATALUNIA
Puigdemonten presidentetza sinbolikoaren aukera baztertu du Artadik
Artadiren hitzetan, JxCaten eta Kataluniako Parlamentuaren hautagai bakarra Puigdemont da, eta diputatuen gehiengo osoaren babesa du. 'B planik' ez dutela ziurtatu du.
AGENCIAS | ERREDAKZIOA
Carles Puigdemonten presidentetza sinbolikoaren aukera baztertu egin du Elsa Artadi JxCateko kideak. Aukera hori ez dutela mahai gainean adierazi du buruzagi independentistak, Ara egunkariari eskaini dion elkarrizketan.
Artadiren hitzetan, JxCaten eta Kataluniako Parlamentuaren hautagai bakarra Puigdemont da, eta diputatuen gehiengo osoaren babesa du. 'B planik' ez dutela ziurtatu du.
Horren harira, azken egunotan zabaldutako informazioa gezurtatu du, eta Generalitateko presidentegai izateko Puigdemonten alternatiba bera denik ukatu du.
Bestalde, ERCkin eta CUPekin negoziazioak "bide onetik" doazela nabarmendu du, eta arazoa Estatu Espainiarrarekin dutela azpimarratu du, ez ERCkin eta CUPekin.
Balizko hauteskundeei buruz galdetuta, Artadik erantzun du inork ez duela berriro hauteskundeak errepikatzea nahi, baina ezin dela ezer baztertu.
ANC
ANC elkarteak ere Puigdemonten aukera bakarrik ikusten du, Generalitateko presidente izateko. Ohar bidez alderdi independentistei zuzendu zaie ANC, Puigdemont presidente izendatzeko eskatuz, Espainiako auzitegien "mehatxuak" kontuan hartu gabe.
Hala, etor litezkeen erantzukizun penalei aurre egiteko prest egotea eskatu die ANCk independentziaren aldeko alderdiei.
Aurrera begirako mobilizazioak prestatzen ari direla esan du elkarteak, "etorriko diren erabakiak babesteko edota exijitzeko". Inbestidurarako akordiorik ez balego, kalera aterako direla iragarri du ANCk.