Politika -
Torturak
Estrasburgok otsailaren 13an emango du Portu eta Sarasolaren torturei buruzko epaia
Gipuzkoako Auzitegiak lau guardia zibil zigortu zituen Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzegatik. Auzitegi Gorenak, baina, absolbitu egin zituen gero.
Agentziak | Erredakzioa
Giza Eskubideen Europako Auzitegiak otsailaren 13an emango du Igor Portu eta Mattin Sarasola torturatzeagatik zabaldutako auziaren epaia.
Portu eta Sarasola 2008ko urtarrilean atxilotu zituen Guardia Zibilak, Arrasaten. Atxilo-aldian torturatu egin zituztela salatu zuten biek eta Gipuzkako Lurralde Auzitegiak lau guardia zibil epaitu eta zigortu zituen. Portu eta Sarasola torturatzea egotzita, bi eta lau urte eta erdi arteko espetxealdiak ezarri zizkien.
Alabaina, 2011ko azaroaren 15ean, Auzitegi Gorenak lau guardia zibilak absolbitu egin zituen.
Horrenbestez, Portuk eta Sarasolak Gorenaren erabakiaren kontrako helegitea aurkeztu zuten Auzitegi Konstituzionalean. Konstituzionalak atzera bota zuen errekurtsoa eta Giza Eskubideen Europako Auzitegira jo zuten orduan. Estrasburgok 2015ko urtarrilean onartu zuen tramitera bi presoen helegitea.
Portu eta Sarasolari mila urtetik gorako kartzela-zigorra ezarri zieten 2014ko maiatzean, Barajaseko T-4ko atentatua egitea leporatuta. Bi pertsona hil ziren 2006ko abenduaren 30ean egindako erasoan.