Politika -
GREGORIO ORDOÑEZ SARIA 2017
Espainia eta Frantziaren arteko elkarlanari ETA amaitu arte eustea eskatu du Vallsek
Gregorio Ordoñezen alargunak, bestalde, Eusko Jaurlaritzaren jarrera gogor kritikatu du, indarkeriaren biktima guztiak zerrenda bakar batean jartzeagatik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Manuel Valls Frantziako lehen ministro izandakoak Gregorio Ordoñez Saria 2017 jaso du gaur. Ana Iribar ETAk hildako PPko zinegotziaren alargunaren eskutik jaso du saria Vallsek, Donostiako hotel batean egin den ekitaldian.
Frantziako politikariak nabarmendu duenez, Espainiaren eta Frantziaren arteko elkarlana ETArekin amaitu arte mantendu behar da. Halaber, Vallsen arabera, ETArekin polizialki soilik ez, politikoki eta kulturalki ere amaitu behar da.
Besteak beste, honako buruzagi politikoak izan dira ekitaldian: Soraya Saenz de Santamaria Espainiako Gobernuko presidenteordea; Juan Ignacio Zoido Barne ministroa; Maria Dolores de Cospedal PPko idazkari nagusia eta Defentsa ministroa; Jose Maria Aznar Espainiako Gobernuko presidente ohia; Ana Botella Aznarren emaztea eta Madrileko alkate ohia; eta Jaime Mayor Oreja PPko ministro ohia.
Gregorio Ordoñez Fundazioak joan den abenduan erabaki zuen ETAk hildako politikari donostiarraren izena duen saria Manuel Vallsi ematea, "nazionalismoen aurrean patriotismoa" defendatzeagatik, eta maila politikoari "Europaren ikuspegi historikoagoa" eskatzeagatik.
"ETAren biktimak soilik agertzen diren zerrenda bakarra"
Ana Iribar Gregorio Ordoñezen alargunak ekitaldian adierazi duenez, "batzuk ez gaude euskal erakundeek babesten duten adiskidetze immoralaren eta barkamenaren alde".
Ondoren, sari-banaketan egon diren buruzgai politikariei galdetu die "ea ez den garaia nazionalismoak dagozkien tokian jartzeko. Eta, batez ere, Euskadin. Izan ere, 50 urtetako diktadura terroristak eragindakoaren kontaketa hiltzaileen eta haien konplizeen alde okertu da hemen".
"Ez al duzue uste herrialde hau ezin dela bakearen artisauentzat, parpaila belgiarrarentzat edo negoziaketaz irabazizko negozio bat egin duten bitartekarientzat tokia izan?", zalantzan jarri du Iribarrek.
Horrenbestez, Ordoñezen alargunaren esanetan, biktimen familiartekoek "ETAren biktimak soilik agertzen diren zerrenda bakarra nahi dute, ez giza eskubideen urraketarik, ezta Estatuaren indarkeriarik ere".