Politika -
KATALUNIA
Litekeena da inbestidura saiora joateko baimenik ez eskatzea Puigdemontek Gorenari
Jaume Alonso-Cuevillas abokatuak ez du baztertu bere bezeroa asteartean Parlamentuan egingo den inbestidura saiora aurkeztea.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Urtarrilaren 30eko inbestidura saioari begira, litekeena da Carles Puigdemont Generalitateko presidentegaiak Kataluniako Parlamentura joan ahal izateko baimenik ez eskatzea Auzitegi Gorenari. Jaume Alonso-Cuevillas bere abokatuak azaldu duenez, aukera horren alde egin du Puigdemontek. Are gehiago, ez du baztertu bere bezeroa Parlamentuko saiora agertzea bihar. Konstituzionalak larunbatean hartutako erabakiaren arabera, baina, Pablo Llarena Auzitegi Goreneko epailearen baimena behar du Parlamentura joateko.
RAC-1 irrati kateari eskainitako elkarrizketan Jaume Alonso-Cuevillas abokatuak egindako adierazpenen arabera, Auzitegi Konstituzionalaren erabakiaren kontrako helegitea jartzea aztertzen ari dira. Auzitegi Konstituzionalak larunbatean aho batez ebatzi zuen asteartean Kataluniako Parlamentuan izango den inbestidura saioa baliogabetuko duela saioan ez dagoen presidentegai bat izendatzen saiatzen badira; hau da, Konstituzionalak galarazi egin du Puigdemonten inbestidura telematikoa.
Bere agerraldi publiko guztietan egin ohi duen bezala, Alonso-Cuevillas abokatuak ez du baztertu Puigdemont biharko inbestidura saiora agertzea. Abokatuaren esanetan, Auzitegi Konstituzionalaren ebazpenaren ondotik mahai gainean jarri zuten lehen aukera, bereziki larunbat gauean, Llarenari baimena eskatzea zen.
Josep Rull Junts per Catalunya alderdiko diputatuak atzo iragarri zuena betez gero, Puigdemontek inbestidura saiora joateko baimena eskatuko dio Llarena epaileari, Auzitegi Konstituzionalak galdegin bezala.
Hala eta guztiz ere, kontuari "buelta asko" eman ostean, geroz eta "urrunago" dago baimena eskatzeko aukera hori, esan du gaur Puigdemontekin etengabe harremanetan dagoen abokatuak.
"Ez dakit, baina, bihar zer gertatuko den"