Politika -

KATALUNIA

Puigdemontek Bruselatik gobernatzea defendatu du: 'Ezingo nuke kartzelatik egin'

Inbestidura saiorako negoziatzen ari diren formulaz galdetuta, erabakitzen dutena erabakitzen dutela Kataluniako Parlamentuko araudia beteko dutela ziurtatu du.

Carles Puigdemont JxCateko zerrendaburua. Artxiboko argazkia: Agentziak
Carles Puigdemont JxCateko zerrendaburua. Artxiboko argazkia: Agentziak
Carles Puigdemont JxCateko zerrendaburua. Artxiboko argazkia: Agentziak

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Carles Puigdemont JuntsxCateko zerrendaburu eta Generalitateko presidentegaiak Kataluniako presidente aukeratua izatea eta teknologia berriak baliatuta Bruselatik gobernatzea defendatu du. "Ziur ezingo nukeela espetxetik egin (gobernatu)", gaineratu du. Haren esanetan, Parlamentuaren babesik lortzen ez badu bakarrik egingo dio uko presidente izateari. Bestalde, balizko inbestidura telematikoaz galdetuta, adostutako formula Kataluniako Parlamentuko araudiaren baitan kokatuko dela nabarmendu du.

"Kartzelan ezingo nuke elkarrizketarik izan eta ezta jendeari idatzi eta hitz egin ere, orain egiten dudan bezala. Egiten dudana egiten jarraitzeko modu bakarra askatasunez eta segurtasunez jardutea da, horrek bermatuko baitu politika publikoak garatzea", azaldu du Catalunya Radiori eskainitako elkarrizketan.

Inbestidura saiorako JuntsxCat eta ERC negoziatzen ari diren formulaz galdetuta, esan du ezin dela aukera bakar bat ere baztertu. Ildo horretan, inbestidurarako erabilitako formula edozein dela ere Kataluniako Parlamentuko legedia beteko duela ziurtatu du, baita Bruselan dagoela presidente aukeratzen badute ere.

Parlamentuko abokatuen txostenak zalantzan jarri ostean, diputatu guztien eskubideak errespetatuko direnaren itxaropena agertu du, baita bereak ere. Horri lotuta azpimarratu du Mahaiari dagokiola erabakiak hartzea. "A plana bakarrik dago, ez dago B planik. Jendeak Gobernua berrezartzearen alde bozkatu zuen", gaineratu du Puigdemontek.

Bestalde, Espainiako erregeak bere balizko izendapena aitortzen ez badu, erregearen arazoa litzatekeela esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Kataluniako azken albisteak Berriak Politika Bruselaseko albisteak gaur Alderdi politikoak berriak Hautagaiak gaur Eguneko albisteak Albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès argazkiak JxCat azken ordua