Politika -

KATALUNIA

Kataluniako Parlamentuak 155aren aurkako helegitea aurkeztu du Konstituzionalean

Neurriaren proportzio falta argudiatu du. Diputazio Iraunkorrak 155aren kontrako helegitea aurkeztea onartu zuen abenduaren 27an, JxSi eta SíQueEsPoten aldeko botoekin eta CUPen abstentzioarekin.

Kataluniako Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE
Kataluniako Parlamentua. Artxiboko argazkia: EFE

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Kataluniako Parlamentuak 155. artikuluaren kontrako helegitea aurkeztu du gaur Auzitegi Konstituzionalean, neurriaren "proportzio falta" argudiatuta.

Parlamentuko Diputazio Iraunkorrak 155. artikuluaren aurkako helegitea aurkeztea onartu zuen abenduaren 27ko saioan, JxSi eta SiQueEsPot taldeen aldeko botoekin, CUPen abstentzioarekin eta Ciudadanos, PSC eta PPren kontrako botoekin.

Joan Ridao Kataluniako Parlamentuko abokatuak sinatutako helegitean irakur daitekeenez, Generalitateko kideak kargugabetzea ez da egokia eta ezta beharrezkoa ere independentzia deklarazio bat saihesteko. Ildo horretan, Kataluniako Gobernuari jarritako "zigor" hutsa dela iritzi dio. Are gehiago, Kataluniako Parlamentua desegin eta agindu hori Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak (155. artikuluaren baitan) eman izana deitoratu du.

Helegitean jasotzen denez, bere eskakizunei entzungor egiten bazien Kataluniako Parlamentua desegingo zuela ohartarazi behar zion Espainiako Gobernuak Carles Puigdemont presidenteari. Ez hori bakarrik, Puigdemontek kanpoko esku-hartzea saihestu ahal izango omen zuen eta 155. artikuluaren aplikazioa bertan behera utzi.

Espainiako Gobernuak jakinarazi duenez, Kataluniako Gobernu berria osatu arte 155aren aplikazioa indarrean egongo da.

Urtarrilaren 17an osatuko da Parlamentuko Mahaia eta hilaren 31a baino lehen presidentea aukeratzeko inbestidura saioa deitu beharko da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia egoera politikoa Politika albisteak Alderdi politikoak Albisteak Gaur Eguneko albisteak Espainiako Auzitegi Konstituzionala