Politika -
Bozketa
Legebiltzarrak 2018ko Aurrekontuak onartu ditu, EAJ, PSE eta PPren akordioari esker
11.486 milioi euroko aurrekontua da, eta EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin eta PPren abstentzioarekin egin du aurrera. EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek kontrako botoa eman dute.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) 2018rako Aurrekontu Orokorrak onartu ditu Eusko Legebiltzarraren osoko bilkurak ostiral honetan, EAJ, PSE-EE eta PP alderdiek aurretik lorturiko akordioari esker. Aurrekontuak 11.486,4 milioi eurokoak dira, 2017an baino % 3,9 handiagoak; hau da, 426,7 milioi euro gehiago izango dituzte datorren urtean.
Zehazki, EAJren eta PSE-EEren aldeko 37 botoekin eta PPren zortzi legebiltzarkideen abstentzioarekin egin du proiektuak aurrera. EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen 27 ordezkariek kontrako botoa eman dute. Bi koalizioak aurka azaldu dira, aurrekontuak "antisozialak" eta "atzerakoiak" direla argudiatuta.
Bigarrenez jarraian onartu ditu Jaurlaritzak aurrekontuak PPrekin egindako akordioari esker. Hain zuzen ere, 30 milioi euroko moldaketak egitea lortu du PPk (aurrekontu horien % 0,26), eta hala, PPko legebiltzarkideak abstenitu egin dira 11.486 milioi euroko aurrekontuen 30 milioi zertara bideratzen diren erabakitzearen truke. Erreforma fiskalean egindako aldaketek ere izan dute zerikusirik akordioan, besteak beste, bazkun-zerga jaitsi izanak.
PPrekin egindako akordio hori izan da gaurko saioan EH Bilduren eta Elkarrekin Podemosen kritiken jomuga. Jaurlaritza osatzen duten alderdiek, berriz, akordiorik lortu nahi ez izatea egotzi diete bi koalizioei.
EztabaidaEztabaidan, Josune Gorospe EAJko legebiltzarkideak EH Bilduri esan dio astero egiten dituztela akordioak PSE-EErekin eta PPrekin, eta horiek Euskadirentzat onuragarriak direla pentsatu behar dela, baina Urkulluk egiten baldin badu, aldiz, kritikatu egiten dituztela. "Aurkariak egiten badu, akatsa da; EH Bilduk egiten duenean, berriz, bertutea", adierazi du. Elkarrekin Podemos koalizioari zuzenduta, berriz, akordioa lortzeko aukera zegoela esan dio, baina "Jaurlaritzaren kontrako ekintzak egiten" bakarrik ikusten dituztela erantsi du. Halaber, bi koalizioak kritikatu ditu, "aurrekontuen norabidean aldaketarik ekarri ez duten zuzenketarik ez aurkezteagatik".
EH Bilduko Leire Pinedok EAJ kritikatu du, "155. artikuluaren alderdiekin eta euskal autogobernua moztu eta 37 eskumenen transferentzia ukatzen duten alderdiekin ituna egiteagatik". "Aurrekontu hauek konformismoaren kontuak dira, kontserbadorismoaren eta Estatuaren bide beretik doazen aurrekontuak", esan du. EH Bilduren hitzetan, Eusko Jaurlaritza noraezean dabil, "berdin zaielako aurrekontuak norekin adostu". Halaber, kritikatu egin du politika fiskala PPren babesa lortzeko erabili izana.
Julen Bollain Elkarrekin Podemos koalizioko ordezkariak azaldu du bere taldeak ezin dituela aurrekontuak babestu, bertan PPk lortu duelako "bere politika antisozialak inposatzea". Bollainen hitzetan, PPko ordezkariak dira irabazleak itun horretan.
Alexia Castelo PSE-EEren ordezkariak nabarmendu du, gutxiengoan egon arren, Jaurlaritza gai izan dela aliantzak egin eta bere programan oposizioak eskaintzen dituen hobekuntzak sartzeko. Castelok kritikatu egin du EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek itunaren aurrean erakutsi duten jarrera, eta gaineratu du datorren urtean lanean jarraituko dutela "bi talde hauek egiteke ditugun erreformetan inplikatu daitezen".
Azkenik, Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak esan du PPren proposamenak jasotzen dituelako babestu duela aurrekontuen proiektua, baina argitu du oinarrian itun fiskalagatik lortu dutelako akordioa. Horri lotuta, kritikatu egin du EAJk esatea EH Bildurekin edo Elkarrekin Podemosekin ere adostu zitzakeela aurrekontuak.
11.486 milioi euro
2018rako aurrekontuak, 11.486 milioi eurokoak, Jaurlaritzak inoiz izan dituen handienak izango dira. Izan ere, 2017koarekin alderatuta, % 3,9 egin dute gora.
Osasun Sailak izan du hazkunderik handiena, 2017an baino 128 milioi gehiago izango baititu. Hala, 3.671 milioi euro bideratuko dira arlo horretara.
Hezkuntza Sailak, berriz, 2.717 milioi euro izango ditu, aurreko urtean baino % 1,9 gehiago, eta Lan eta Gizarte Politiken arloak 1.014 milioi izango ditu. Inbertsioen arloko diru-kopurua % 7,4 igoko da, Abiadura Handiko Trena eta Hegoaldeko Saihesbidea kudeatzeko maileguak murriztu ostean.
Protestak Eztabaida egiten ari ziren bitartean, elkarretaratzea egin dute Legebiltzarraren kanpoaldean, Aurrekontuen edukien kontra. Besteak beste, ELA eta LAB sindikatuek parte hartu dute bertan, eta gaitzetsi egin dute PPrekin lortutako akordioaren izaera "neoliberala". Bi sindikatuen hitzetan, "onartezina" da gastu soziala 2009koa baino txikiagoa izatea.