Politika -
Frankismoa
Gipuzkoak frankismoaren biktimak aitortu ditu, haien oroimena bizirik mantentzeko
250 biktima izan dira Foru Aldundiaren Urrezko Domina jasotzeko ekitaldian. Diktadura frankistak mila gipuzkoar baino gehiago hil zituen.
Agentziak | Erredakzioa
Gipuzkoako Foru Aldundiak frankismoaren biktimak aitortu ditu, Diputazioaren Urrezko Domina emanda, eta haien oroimena bizirik mantentzeko eta belaunaldi berriei transmititzeko konpromisoa hartu du.
"Frankismoaren atzaparkadak pairatu zutenek ez zuten inoiz duintasuna galdu, baina orain guk gal dezakegu gure duintasuna haien oroimena zaintzeko gai ez bagara", azpimarratu du Markel Olano ahaldun nagusiak urreko dominak entregatzeko ekitaldian.
Ekitaldia hunkigarria izan da. 250 biktima baino gehiago izan dira. Ezpata-dantza batekin eman diote hasiera, hilda dauden biktima guztien omenez.
Gipuzkoako Foru Aldundiko agintariez gain, Eusko Legebiltzarreko, Eusko Jaurlaritzako eta udal ezberdinetako ordezkariak izan dira, baita eragile sozial eta ekonomikoetako kideak ere.
Paco Etxeberria Aranzadi Zientzia Elkarteko presidenteak hartu du hitz ekitaldian eta esan du frankismoaren biktimak aitortzea ezinbestekoa dela.
"Oroimena demokraziarekin lotuta dago eta, beraz, negoziazioan eta adiskidetzean oinarritzen da. Oroimena ez de etsaia, oroimena bakearen eta demokraziaren laguna da", adierazi du.
"Gipuzkoako oroimen historikoari buruzko edozein analisiren lehen gogoetak sinplea behar du izan: oroimen bat baino gehiago existitzen dela onartzea", erantsi du.
Bestalde, Markel Olano ahaldun nagusiak nabarmendu du frankismoaren biktimek kolektibo zabala osatzen dutela.
"Bizia galdu zutenei, epaiketarik gabe edo prozesu sumarisimo baten ondotik hil zituztenei; kartzela, erbestea, tortura edo konfinamendua sufritu zutenei; edo errepresio sozioekonomikoa eta eskubide sozial, politiko eta kulturalen urraketa pairatu zuten pertsona guztiei zuzendutako aitortza da gaurkoa".
Frankismoaren biktimen zerrenda "luzea" dela esan du eta gogora ekarri du diktadurak milatik gora pertsona fusilatu zituela Gipuzkoan.
Horrenbestez, gaurko ekitaldiaren helburua frankismoak eragindako biktima guztien oroimena bizirik mantentzea dela esan du, belaunaldi berriek gertatu zena ezagutu dezaten eta horrelakorik berriro gerta ez dadin.