Politika -
Omenaldia 30. urteurrenean
Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako erasoa gogorarazi dute Zaragozan
ETAren atentatuak 11 hildako utzi zituen, horietako sei adingabeak. Aragoiko hiriburuak biktimei omenaldia egin die erasoaren 30. urteurrenean.
Agentziak | Erredakzioa
ETAren eraso batek 11 hildako, horien artean sei adingabe, utzi zituen gaur 30 urte Zaragozan. Guardia Zibilaren kuartelaren aurkako atentatua izan zen. Hiriak biktimei omenaldia egin die gaur.
Ekitaldi nagusia parke batean egin dute. ETAk 1987an eraso zuen kuartela bertan zegoen. Juan Ignacio Zoido Barne ministroak, Javier Lamban Aragoiko presidenteak, Violeta Barba Aragoiko Gorteen presidenteak, Pedro Santisteve Zaragozako alkateak eta Mari Mar Blanco Terrorismoaren Biktimen Fundazioko presidenteak omenaldian parte hartu dute.
Biktimen senitarteko, erasotik onik atera ziren pertsona, Guardia Zibileko eta Indar Armatuen kide, alderdi politiko guztietako ordezkari eta hiritarrekin batera, lore eskaintza egin dute oroitarriaren aurrean.
Lehergailuaren erreplika, erakusketa batean
Aldez aurretik, meza egin dute desagertutako kuarteletik gertu dagoen eliza batean. 250 kilo amonal zituen bonba-autoak kuartelaren zati bat suntsitu zuen. Gainera, atentatua gogorarazteko erakusketa bat zabaldu dute. Bertan lehergailuaren erreplika bat ikus daiteke.
Zoido ministroaren hitzetan, omenaldia “beharrezkoa” eta “bidezkoa” da, atentatuak Zaragoza eta Espainia osoa hunkitu zituelako.
Bestalde, ahanzturaren eta historiaren bertsio “okerren” aurka borroka egitea eskatu du Mari Mar Blancok. “Orduan armek ez gintuzten makurtu, ez dugu orain manipulazio dialektikoaren aurrean egingo”, azpimarratu du.