Politika -

EAE-ko kontuak

Aurrekontuak onartzeko akordioa sinatu dute Jaurlaritzak eta PPk

Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Anton Damborenea PPko legebiltzarkideak izenpetu dute. 30 milioi eurorainoko zuzenketak aurkeztuko dizkiote proiektuari.

Azpiazu eta Damborenea akordioa sinatzen. Argazkia: EFE
Azpiazu (EAJ) eta Damborenea (PP) akordioa sinatzen. Argazkia: EFE
Jaurlaritzak eta PPk 2018ko Aurrekontuetarako akordioa sinatu dute

1:18

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

2018ko aurrekontuak onartzeko bidean dira. Eguerdian sinatu dute akordioa Pedro Azpiazu Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Ogasun sailburuak eta Anton Damborenea Alderdi Popularreko legebiltzarkideak.

Eusko Legebiltzarreko Lantaldeen 3. aretoan egindako ekitaldian izenpetu dute ituna. Aurreratu dutenez, 30 milioi eurorainoko zuzenketak aurkeztuko dituzte.

Dirutza honako arloetara bideratuko dute: enplegua, batez ere gazteena; seme-alabak dituzten familiak eta kontziliazioa; merkataritza eta hezkuntza, bereziki "etorkin gehien dituzten ikastetxeei".

Sinadura ekitaldia baino lehen, hitzarmena defendatu du Iñigo Urkullu lehendakariak Twitterren. Nabarmendu duenez, zerga erreformaren eta aurrekontuen "itun sendoak, errealistak eta positiboak dira eta zerbitzu publikoak, suspertze ekonomikoa eta enpleguaren sorrera ahalbideratuko dituzte".

 

Bigarren urtez jarraian

Horrela, Eusko Jaurlaritzak aurrekontuak izango ditu, PPrekin adostutako akordioari esker. Alderdi Popularrak bigarren urtez jarraian kontuen onarpena erraztuko du Eusko Legebiltzarrean.

11.486 milioi euroko aurrekontuaren 30 milioi zertara bideratzen diren erabakitzearen truke PPko legebiltzarkideak abstenitu egingo dira. Erreforma fiskalean egindako aldaketek ere zerikusia izan dute akordioan, besteak beste, bazkun-zergaren jaitsiera.

Akordioa sinatu ondoren, Azpiazuk eta Damboreneak agerraldia egin dute bakoitzak bere aldetik. “Egonkortasun instituzionala” emango duen akordioa dela goraipatu dute biek, eta Estatuko Aurrekontu Orokorren negoziazioarekin zerikusirik ez duela erantsi dute.

Euskadik aurrekontuak izateko bigarren urtez jarraian PPk egindako ekarpena eskertu du sailburuak, baina Alderdi Popularraren babesa legealdi osoan luzatuko dela aurreratzea “arduragabekeria” litzatekeela gaineratu du.

Azpiazuren hitzetan, akordioak “egonkortasun instituzional eta erantzukizun politiko mezu bat” ematen du. Jaurlaritzak oposizioko beste alderdi batzuekin (EH Bildu eta Elkarrekin Podemos) negoziatu duela gogorarazi du sailburuak, baina ez zen adostasunik lortu Exekutiboaren planteamenduak ez zituztelako onartu.

Anton Damborenearen ahotan, aurrekontu eta zerga aldaketek Euskadi lurralde “lehiakorragoa” bihurtuko dute enpresentzako, konpainiek inbertitu nahi izateko, eta horrela “kalitatezko” lanpostuak sortzeko.

“Euskadi berriro Espainiaren buruan kokatzea nahi dugu eta enpresentzako lurralde erakargarri bat izatea”, adierazi du.

PPren zuzenketak

Alderdi Popularrak bihar aurkeztuko dituen zuzenketei dagokionez, bost milioi osasun sistemara bideratuko dituztela aurreratu du Damboreneak, osasun hitzarmenak eta zentroetako inbertsioak hobetzeko.

Seme-alabak dituzten familientzako diru-laguntzetan 3 milioi gehiago erabiliko dituzte eta 2,5 milioi gehiago familia eta lan-bizitza bateratzeko politiketan. Azken horietan Eusko Jaurlaritzak 2011an aplikatutako % 7ko murrizketa leunduko dute. Horrela, murrizketa % 5ean geratuko da, datozen ekitaldietan guztiz desagertzeko konpromisoarekin.

Gazteen enpleguak milioi bat gehiago izango du eta enplegu zentro bereziek 1,4 milioi gehiago. Gainera, doako justiziaren aurrekontu-saila % 10 areagotuko da.

Hezkuntzan bost milioi gehiago inbertituko dituzte hitzarmenak eta lanbide heziketa duala hobetzeko. Bestalde, etorkin asko dituzten institutuek diru-laguntza bereziak jasoko dituzte.

Azkenik, besteak beste, Bilbotik Errekaldera metroa luzatzeko eta Loiuko aireportuaren loturak hobetzeko proiektuak aztertzeko inbertsioak egingo dituzte.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Eusko Jaurlaritza albisteak Eusko Legebiltzarra argazkiak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Ekonomia 2024 Euskadiko PP Gaurko titularrak Gaurko azken ordukoa EAEko Aurrekontuak