Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
161 urteko espetxea Gogeaskoetxeari, Comillaseko kuartelaren kontrako atentatuagatik
1991n Comillaseko kuartelaren inguruan hiru granada jartzea leporatu diote. Lehertu ez baziren ere, helburua 'kuartelean zeuden pertsona guztiak hiltzea' zela esan du epaileak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
161 urteko espetxe-zigorra ezarri dio Auzitegi Nazionalak Eneko Gogeaskoetxea ETAko kideari, duela 26 urte Guardia Zibilaren Comillaseko kuartelaren kontra egindako atentatu saiakeragatik.
1991ko abuztuaren 20an hiru granada aurkitu zituzten Comillaseko hondartza batean, kuarteletik gertu. Ez ziren lehertzera iritsi, poliziak desaktibatzea lortu baitzuen.
Epaileak uste du lehergai horiek Gogeaskoetxeak jarri zituela, egun horretan "kuartelean zeuden pertsona guztiak hiltzeko eta sarraskia eragiteko" helburuarekin. Fiskaltzak 172 urteko kartzela-zigorra eskatu zuen.
Azkenean, Auzitegi Nazionaleko epaimahaiak 154 urte ezarri dizkio 11 hilketa saiakeragatik, eta zazpi, sarraski saiakeragatik.
Beste atentatu batzuk direla eta, Gogeaskoetxea zigorra betetzen ari da. Besteak beste, Guggenheim Bilbao Museoaren inaugurazio ekitaldian, 1997an, Juan Carlos I Espainiako erregea hiltzen saiatzea leporatu zioten. Eraso hartan Txema Agirre Larraona ertzaina hil zuten tiroz.