Politika -
2018KO AURREKONTUAK
PPk 'hitza hartu' die Urkullu eta Mendiari, zerga erreforman aldaketak egiteko
Lehendakaria eta PSE-EEko idazkari nagusia erreforma fiskala aldatzeko prest agertu dira, PPk Eusko Jaurlaritzaren Aurrekontuei babesa ematearen truke.
AGENTZIAK
Anton Damborenea PPk Ekonomia gaietarako duen bozeramaileak adierazi duenez, Iñigo Urkullu lehendakariari eta Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusiari "hitza hartu" die. Atzo, lehendakaria eta Euskadiko sozialisten buruzagia EAJk eta PSE-EEk adostutako zerga erreforman aldaketak PPrekin "negoziatzeko" prest agertu ziren, PPk Eusko Jaurlaritzaren 2018rako aurrekontu proiektuari babesa ematearen truke.
Araban dagoeneko erreforma fiskalari buruzko elkarrizketak eta negoziazioak hasi dituztela azpimarratu ostean, gero, Eusko Jaurlaritzako Aurrekontuetan mahukak jaso beharko dituztela azaldu du. "Ez daukagu denbora askorik. Zuzenketak aurkezteko epea hil honen amaieran bukatzen da eta, beraz, ez ditugu egun asko aurretik negoziatzeko eta akordio bat lortzeko. Beraz, gaiak badu premia apur bat", gaineratu du.
Damborenearen hitzetan, nahiago luke atzo Idoia Mendiak egindako adierazpenek PP aintzat hartzen dutela esan nahiko balu. Mendiak atzo nabarmendu zuenez, euskal erakunde guztiek Aurrekontuak izango dituzte datorren urtean.
"Mendia andreari eta Urkullu jaunari hitza hartzen diet, eta nahiago nuke Araban eta EAEn Aurrekontuak onartzea eta zerga erreformaren gainean akordioa lortzea erraza balitz. Hala ere, EAEko Aurrekontuetan ez dugu ia pausorik eman eta fiskalitateari dagokionez, ostera, oso gutxi", zehaztu du.
Buruzagi popularraren esanetan, "bistakoa da" EAEko eta Estatuko Aurrekontuen negoziazioak ez daudela lotuta. "Gu hemen Aurrekontuak negoziatzen ari gara; EAJk esan du ez dela Madrilen eseriko", gaineratu du.
EH Bilduk, Kontzertuari bai, Kupoari abstentzioa
EH Bilduk baiezkoa botoa emango du Kontzertuaren Legea aldatzeko bozketan, eta abstentzio "kritikoa" egingo du Kupoaren Lege berriaren aurrean, Marian Beitialarrangoitia diputatuak iragarri duenez.
EH Bilduren ordezkariak prentsaurrekoa eman du gaur Bilbon, Leire Pinedo Eusko Legebiltzarreko kidearekin batera, ostegunean Diputatuen Kongresuan egitekoa den bozketan koalizioak emango duten botoa azaltzeko.
Beitialarrangoitiaren esanetan, erabakia hartu aurretik, EH Bilduk kontuan hartu du Kontzertu Ekonomikoak "gure autogobernuaren tresna" gisa duen garrantzia, Kupoarekin egindako akordioaren eta horren negoziazioaren aurrean "oso kritiko" agertu diren arren.
Ildo horretatik Hernaniko alkate ohiak baieztatu duenez, EH Bildu "oso kritikoa" da "Gobernu espainiarrak eta PPk -azken urteetan- egindako xantaiaren" aurrean, eta "EAJk, Eusko Legebiltzarra alde batera utzita, legeok negoziatu dituen moduen" aurrean, "erdietsitako eskubideak politikoki, txanpon politiko gisa erabilita".