Politika -
KATALUNIA
'Katalunia babesteko bide bakarra' zerrenda bateratua dela esan du PDeCATek
Pascal eta Mas PDeCATeko ordezkariak Carles Puigdemontekin bildu dira gaur, Bruselan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Abenduaren 21eko hauteskundeetara Kataluniako independentistak zerrenda bakarrean aurkeztearen alde agertu da Marta Pascal PDeCATeko koordinatzailea. Horren iritzian, "Katalunia babesteko bide bakarra" zerrenda bateratua da.
Carles Puigdemont presidentearekin Bruselan bildu dira gaur Pascal eta Artur Mas PDeCATeko burua.
Bileraren ondoren, Twitter bidez babesa helarazi dio Pascalek Puigdemonti. "Presidente, ez zaude bakarrik. Norbaitek nahi al du batzea? Oraindik, garaiz gaude", esan du txio batean.
ERC alderdiak, goizean, zerrenda bateratuaren aukera baztertu du, lankidetza bermatu duen arren.
PDeCATeko iturriek jakitera eman dutenez, Puigdemont "indartsu eta kementsu" aurkitu dute goizeko bileran. Diskrezio handiz egin da batzarra, eta ez da jakitera eman bilera non egin den.