Politika -

KATALUNIA

PDeCATek Puigdemont buru izango duen zerrenda bateratuaren alde egin du

PDeCATen Kontseilu Nazionalak abenduaren 21eko hauteskundeetara “zerrenda bateratu” batekin aurkeztu nahi du, eta zerrenda horren burua Carles Puigdemont presidentea izan dadila.

PDeCAT Puigdemont buru izango duen zerrenda bateratuaren alde

1:35

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Batzar berezia egin du azaroaren 5 honetan PDeCATeko Kontseilu Nazionalak abenduaren 21eko hauteskundeetara nola aurkeztu erabakitzeko, eta Carles Puigdemont presidentea nahiz kargugabetutako kontseilariak barne izango dituen "zerrenda bateratuaren alde" egin dute.

Marta Pascal PDeCATeko koordinatzaile nagusiak iragarri duenez, Puigdemont bera izatea nahi lukete zerrendaburu.

Hautetsontziak botoz betetzeko deia egin du Pascalek, Konstituzioaren 155. artikulua indarrean jarri duten alderdiek Katalunian agindu ez dezaten. Helburu hori lortzeko, bere alderdiak ez duela zerrenda bateratu hori egiteko inolako oztoporik jarriko iragarri du: "Inolaz ere ez dugu trabarik jarriko zerrenda hori osatzeko".

Proposamen honekin,  PDeCATek atea itxi diezaioke Santi Vila kontseilari ohiaren hautagaitzari (bere burua eskaini zuen duela gutxi). Vilak dimititu egin zuen Parlamentuak independentzia aldarrikatu bezperan, eta beraz, Gobernu espainiarrak ez zuen kargugabetu.Independentismoak hauteskundeetara aurkeztuko lukeen hauteskunde programa argia izatea nahi du Pascalek: "Errepublika moduko Estatuaren alde egingo duena, preso politikoentzat amnistiaren alde egngo duena eta instituzioak berreskuratuko dituena".

Merce Conesa Sant Cugat del Valleseko alkate (Bartzelona), Bartzelonako Diputazioko presidente, eta PDeCATeko Kontseilu Nazionaleko kideak esan du ERCk ere "eskuzabaltasun ariketa izugarria" egin beharko lukeela eta A21eko hauteskundeetarako hautaitagaitza bakarraren alde egin beharko luketela haiek ere.

Modu horretan, "Kataluniako instituzioak berreskuratu, 155ari aurre egin, presoak askatu eta gehiengo independentista berritsiko" luketela esan du Conesak.

Rull kartzelatik

Josep Rull Lurralde kontseilaria kartzelaratuta dago ostegunetik baina "herri baten borondatea kartzelaratzea ezinezkoa" dela esan du Twitterren zabaldutako mezu batean.

Bere aholkularien laguntzari esker sare sozialetan mezuak zabaltzen jarraituko duela iragarri du eta kanpoan gertatzen ari diren mobilizazioak "itxaropen uholde gisa" ikusten dituztela jakinarazi du.

"Ezinezkoa da herri baten borondate demokratikoa kartzelaratzea. Ez dugu etsiko. Gu zuekin. Eskerrik asko zuen babesagatik. Katalunian egiten ari zareten mobilizazioen irudi bakoitza itxaropen uholdea da guretzat espetxean gauden bitartean" esan du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eguneko albisteak Kataluniako Hauteskundeak gaur Pere Aragonès bideoak