Politika -
PRESOAK
Etxeratek 52 kexa igorri dizkio Frantziako Eskubideen Defendatzaileari
Euskal presoen senideen elkarteak presoak Frantziako kartzeletan sakabanatuta izatea salatu du, familiako kideei eta lagunei tentsioa eta nekea sortuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Etxerat euskal presoen senideen elkarteak 52 kexa bidali dizkio Frantziako Eskubideen Defendatzaileari eta beste 7 Haurtzaroaren Defendatzaileri, presoak Frantziako kartzeletan sakabanatuta egotea "eskubide urraketa" dela salatuz.
Etxeratek berak jakitera eman duenez, Frantziako Administrazioak, eta zehazki, Justizia Ministerioak egiten dituen urraketa horien berri emateko igorri ditu kexa gutun horiek.
Preso gehienek Mont de Marsan edo Lannemezan espetxeetara hurbiltzea eskatu dute, baina Frantziako Gobernuak ez diela "eskari horiei erantzun oraindik" jakinarazi dute.
Bidali dituzten salaketa horietan, sakabanaketa senide eta lagunentzat zigorra dela nabarmentzen dute: "bidaia luzeek eragiten duten tentsioa, adin txikikoek jasaten duten karga fisiko eta psikologikoa, eta adinekoentzako nekea” nabarmendu dituzte, besteak beste.
Azaroaren 16an Sare eta Bagoazekin batera, Frantziako espetxeetatik "bira" hasiko dutela ere iragarri du, gainera, Etxeratek. Bisita horietan, kartzeletako arduradunekin nahiz agente politikoekin, sindikalekin eta komunikabideekin biltzen saiatuko dira.
Eta amaitzeko, abenduaren 9an "bakearen artisauek" Parisen deitu duten manifestazioarekin bat egiten duela iragarri du senideen elkarteak.