Politika -
KATALUNIA
TV3eko langileek euren profesionaltasunaren kontrako erasoa salatu dute
Catalunya Radioko langileak haratago joan dira, eta Espainiako Gobernuak ezarritako zuzendaritzarik ez dutela aitortuko adierazi dute.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
TV3 Kataluniako telebista publikoko Kontseilu Profesionalak gogor gaitzetsi du atzo Mariano Rajoy Espainiako presidenteak 155. artikulua ezartzeko egindako iragarpena. Besteak beste, Generalitatearen esku dauden hedabide publikoen kontrola Espainiako Exekutiboaren esku geratzea jasotzen du artikulu horrek.
Rajoyk jakitera eman zuenez, Espainiako Gobernuak hedabide publikoetako arduradunak kargugabetzeko eta horien ordezkoak izendatzeko eskumena izango du, aukera politiko guztiekiko "errespetua" eta informazio "zuzena" ziurtatze aldera.
Ministroen Kontseiluak atzo erabakitakoa goitik behera baztertu dute TV3ko langileek, eta euren profesionaltasuna zalantzan jarri dela uste dute. TV3 eta Catalunya Radio hedabideak "kataluniarrenak" direla esan dute, eta elkarbizitzaren alde egiten duten lana nabarmendu dute. Kataluniako kulturaren eta hizkuntzaren alde duten konpromisoa ere berretsi dute.
Catalunya Radioko langileak haratago joan dira, eta Espainiako Gobernuak ezarritako zuzendaritzarik ez dutela aitortuko adierazi dute.