Politika -
155. artikulua
Puigdemont eta haren Gobernu osoa kargugabetzea proposatu du Rajoyk
Kataluniako Gobernuko ordezkariak kargutik kentzea, Kataluniako Parlamentuko gaitasuna Rajoyren gain geratzea eta hauteskundeak 6 hilabetetan egitea onartu du Espainiako Gobernuak.
Agentziak | Erredakzioa
Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak agerraldia egin du larunbat honetan ezohiko Ministroen Bileraren ostean, 155. artikuluaren aplikazioaren nondik norakoak azaltzeko.
"Hau alde bakarreko prozesua da, enfrentamendua bilatu duena", abiatu du agerraldia Espainiako Gobernuko presidenteak. Egoeraren analisia egin ostean, adostutako neurrien berri eman du: Kataluniako Gobernuko ordezkariak kargutik kentzea, Kataluniako Parlamentua bertan behera uzteko gaitasuna bere gain hartzea eta hauteskundeak 6 hilabeteko epean deitzea.
Gauzak horrela, presidenteak iragarri duenez, Carles Puigdemont Kataluniako presidentea eta Generalitateko kontseilariak kargutik kentzea proposatuko diote Senatuari. Rajoyren hitzetan, ez dute Kataluniako autonomia baliogabetuko, "legetik kanpo aritu diren pertsonak kargugabetuko baizik". Espainiako Gobernuak izendatuko dituen organo edo agintarien esku egongo dira pertsona horien funtzioak, baina asmoa da ministroek bere gain hartzea.
Hala, 155. artikuluaren aplikazioak berarekin ekarriko du Espainiako Gobernuaren esku (edo hark deitzen duen erakundearen esku) geratuko dela Mossoen agintea eta TV3 eta Catalunya Ràdio komunikabide publikoen arduradunak izendatzea.
Halaber, Espainiako Gobernuak "beharrezkoak diren eskumenak" gauzatu ahalko ditu maila ekonomikoa, finantza arloan, aurrekontuen esparruan eta zergei dagokionez, "beharrezkoa diren zerbitzu publikoak bermatzeko".
"Kataluniako Parlamentua desegiteko gaitasuna Espainiako presidentearen esku geratzen da", adierazi du Rajoyk. Horri lotuta, Espainiako Gobernuak Senatuari proposatuko dio Kataluniako Parlamentuko presidenteak gaitasunik ez izatea Generalitateko presidentetzarako hautagaia proposatzeko, eta Kataluniako Parlamentuan inbestidura eztabaida eta saiorik egin ahal ez izatea. Rajoyren hitzetan, kontrol-gaitasuna Senatuak izendatutako organoaren esku egongo litzateke, eta Kataluniako Parlamentuak ezingo luke Konstituzioaren eta Estatutuaren kontrako neurririk onartu. Espainiako Gobernuak 30 eguneko epea izango luke beto eskubidea erabiltzeko.
Rajok aurreratu duenez, asmoa da hauteskundeak 6 hilabeteko epean deitzea, baina epe hori laburragoa izatea espero duela ere esan du.
"Ez dut nahi enpresa gehiago joatea. Lasai egon gaitezke, hau konpondu egingo delako inork gehiagok kaltea izan gabe", adierazi du. Horrekin batera, eskerrak eman dizkie PSOE eta Ciudadanos alderdiei neurriei emandako babesagatik.
Carles Puigdemontek agerraldia egingo zuen ondoren, 21:00etan.
Ministroen Kontseiluko argudiaketa
Espainiako Gobernuak Ministroen ezohiko Kontseilua egin du larunbat honetan, Katalunian Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko neurriak erabakitzeko. 10:15 inguruan hasi da bilera, Moncloa jauregian, eta 12:15ean bukatu da. Adostu dituzten neurri horiek Senatuan onartuko beharko dituzte, urriaren 27an egingo duten osoko bilkuran.
Generalitatearen "desobedientziagatik" ezarriko du Espainiako Gobernuak 155. artikulua, bileran orratu duen argudiaketaren arabera. Zehazki, legeek ezartzen dioten betebeharren aurrean Generalitatearen "desobedientzia errebelde, sistematiko eta jakitunak" eragin ditu neurriok aplikatzea, Gobernuaren arabera. Izan ere, Generalitataren jardunek Espainiaren interes orokorraren kontra egiten dute, "larriki", testuan jasotzen denez.
Ezarriko diren neurriek "eskubideak bermatu nahi dituzte, ez askatasunak murriztu", Gobernuak gaineratu duenez. Horri lotuta, lau objektibo nagusi aipatzen ditu: "Legezkotasun konstituzional eta estatutarioa berrezarri, neutraltasun instituzionala bermatu, gizarte ongizateari eta hazkunde ekonomikoari eutsi eta kataluniar guztien eskubideak eta askatasunak bermatu". Halaber, Gobernuak ohartarazi du independentziak % 25 eta % 30 arteko pobretzea ekarriko lukeela, eta zuzenean euroa erabiltzeko aukera ez egotea eta bankuak Kataluniatik kanpo joatea. 11 orridun dokumentua da.
Puigdemont eta kontseilariak Generalitatean egon dira Ministroen Kontseilua egin dute bitartean.
Senatuko Mahaia
Senatuko Mahaia ezohiko Ministroen Kontseilu amaitutakoan bildu da eta 14:35ean abiatu du bilera. PPko lau ordezkarik, PSOEko bik eta EAJko ordezkari bakarrak osatzen dute. Mahaiak sarrera eman die Ministroen Kontseiluak onartutako neurriei, aldeko sei botorekin (PPren lauak eta PSOEren biak). EAJk, berriz, kontra bozkatu du.
27 senatari arduratuko dira Gobernuaren proposamena tramitatzeaz, bilkuran aurkeztu aurretik. Senatuak bi bide posible zituen, bi aukera, Gobernuaren eskaria abiatzeko: Autonomia Erkidegoetako Batzorde Orokorraren bidez edo batzorde berri baten bidez. Bigarren eredu horren alde egin dute. Pio Garcia-Escudero Senatuko presidentea izango da batzordearen presidentea.
Gaia eztabaidatuko duen batzorde hori asteartean (urriak 24) eratuko da, 13:00etan. Ostegunera arte (12:00) izango du batzorde horrek epea neurrien aldeko edo kontrako ebazpena kaleratzeko (ateak itxita egongo dute hori). Ondorioz, ostegun goiza arteko epea ere izango du Puigdemontek alegazioak aurkeztu edo Senatura bertara joateko. Ostegun goizeko ebazpen hori berriz ere eztabaidatuko dute arratsaldean, 17:00etan, eta ostiralerako osoko bilkurara igorriko dute.
Senatuaren osoko bilkura ostiral goizean izango da, eta Gobernuak arratsaldean bertan aplikatu ahalko lituzke neurriak.
Independentzia aldarrikatzeko osoko bilkura zehazteko bilera, astelehenean
Bozeramaileen Batzordeak Kataluniako Parlamentuaren hurrengo osoko bilkuraren gai zerrenda eztabaidatzeko bilera egingo du datorren astelehenean, urriak 23, goizeko 10:30ean, Carme Forcadellek deituta. Bilkura horretan, baliteke JxSi eta CUP alderdiek independentziaren aldeko aldarrikapena egitea.
Iceta-Puigdemont bilera
Miquel Iceta PSCko burua Carles Puigdemont Generalitateko presidentearekin bildu zen atzo. La Sextak aurreratu duenez, hauteskundeak deitzea eskatu zion Icetak, horrekin Kataluniako aldebakarreko independentzia aldarrikapena egiteko osoko bilkura ekiditeko.
Fiskaltzaren kereila Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak independentzia aldarrikatuko balu, Fiskaltzak kereila aurkeztuko luke, asaldatze-delituagatik, La Vanguardia egunkariaren informazioaren arabera. 30 urte arteko kartzela-zigorra izan lezake delitu horrek.