Politika -

Altsasuko gazteak

Altsasuko kasuak urtebete egin du, auzipetuetatik hiru kartzelan daudela

Zortzi gazte daude auzipetuta duela urtebete bi guardia zibilek eta haien bikotekideek Altsasuko taberna batean jasandako erasoagatik. Akusazioak 12 eta 62 urte arteko zigorrak eskatu ditu.

manifestazioa Altsasun
manifestazioa Altsasun
Altsasu kasua: Lesioetatik terrorismo delitura

2:23

EiTB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Igande honetan urtebete da Altsasuko (Nafarroa) taberna batean bi guardia zibili eta haien bikotekideei eraso zietela. Gertaerak 2016ko urriaren 15eko goizaldean izan ziren. Zortzi pertsona auzipetu zituzten, erasoa egitea egotzita (bederatzigarren bat auzitik kanpo geratu zen), eta horietatik hiru kartzelaldi prebentiboan daude azarotik.

Larunbat honetan, senideek eta lagunek gutun zaparrada antolatu dute kartzelan dauden hiru gazteentzat, babesa adierazteko.

ALTSASU EITB

(Larunbat honetako ekitaldiaren irudia, kartzelan dauden gazteei babesa erakusteko. Irudia: EiTB)

375 urtera arteko kartzela-zigorrak

Uztailean, Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 12 urte eta sei hilabete eta 62 urte eta sei hilabete urte arteko espetxe zigorrak eskatu zituen Altsasuko taberna batean bi guardia zibilekin eta haren bikotekideekin borroka izan zuten ustezko gazteentzat, terrorismo delituak egotzita. Gainera, 41.100 euroko kalte-ordaina ematea ere galdegin zuen.

Jose Perals fiskalak lau "delitu terrorista" leporatu zizkien auzipetuetako zazpiri eta delitu horietako bakoitzagatik 12 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu du, 50 urteko espetxealdia, beraz.

Auzipetuak Oihan Arnanz, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Adur Ramirez, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijo dira. Horietako hiru (Oihan, Adur eta Jokin) preso daude azaroaz geroztik. Lehenengoari "mehatxu terroristak" egin izana ere egotzi diote, eta ondorioz, 12 urte eta erdiko beste zigor bat eskatu du fiskalak harentzat; orotara, 62 urte eta sei hilabeteko espetxealdia galdegin du. Ainara Urkijori, berriz, delitu bakarra egotzi diote, "mehatxu terroristak" egitea, eta, ondorioz, 12 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute haren kontra.

Fiskalak 18 eta 30 urte eta erdiko zigor alternatiboak proposatu ditu bere idatzian lehendabiziko zazpi auzipetuentzat. Zehazki, Oihan Arnanzentzat 30 urteko espetxealdia galdegin du, desordena publiko terroristak (8 urte), autoritatearen kontrako atentatua (2 urte), lau lesio delitu (8 urte) eta mehatxu terroristak (12 urte eta sei hilabete) leporatuta. Gainerako sei auzipetuentzat 18 urte eta sei hilabeteko kartzelaldia eskatu du alternatiba moduan. Horrez gain, guztiei 20 urterako erabateko gaitasungabetzea eta bost urterako zaintzapeko askatasuna ezartzea eskatu zuen.

Fiskalak bere idatzian dio Altsasuko gertakariak Guardia Zibilak eta Espainiako Polizia Euskal Herritik joateko 'Alde Hemendik' kanpainaren baitan kokatzen dela, eta kanpaina horren helburua guardia zibilengan eta poliziengan "beldurra" eragitea eta gizartean haienganako "ezinikusia" sorraraztea dela. Oraindik ez dute epaiketarako egunik jarri.

Europako Parlamentua

Altsasuko gazteen senideak Europako Parlamentuan izan ziren, Bruselan, kasuaren xehetasunen berri emateko eta herrialde ezberdinetako eurodiputatu eta taldeen babesa eskatzeko.

Bisita horren ostean, 51 europarlamentarik deklarazio bat sinatu zuten, "proportzionaltasuna, justizia eta zuzentasuna nagusi izatea" eskatzeko. "Gertaera hauek terrorismo delituen zigor kalifikazioa kentzea" ere eskatu zuten.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Berriak Politika Presoak albisteak Eguneko albisteak Albisteak Altsasu albisteak Espetxeen albisteak gaur Gazteak