Politika -
2017-2020
Eusko Jaurlaritzaren Bizikidetza Plana onartu dute
Besteak beste, ETAren armagabetzearen ostean “topaleku soziala” bilatzea du helburu egitasmoak. Exekutiboak kolektibo sozialen ekarpenak barneratu ditu, AVTrenak esaterako.
Agentziak | Erredakzioa
Bizikidetza eta Giza Eskubideen Plana 2017-2020 onartu du gaur Eusko Jaurlaritzak. Kolektibo sozialen ekarpenak barneratu dituzte, Terrorismoaren Biktimen Elkartearenak (AVT) esaterako. Besteak beste, ETAren armagabetzearen ostean “topaleku soziala” bilatzea du helburu egitasmoak.
Josu Erkoreka bozeramaileak prentsaurrekoa eman du gaur, Gobernu Kontseiluak onartutako gaien berri emateko. Horien artean, bizikidetzaren ekimena goraipatu du Erkorekak. Alderdiei eta gizarteari parte hartzeko aukera eman zieten apirilean.
Prozesuan, Arabako Aldundiak, Legebiltzarreko taldeek, AVT eta Covite biktimen elkarteek, Fernando Buesa eta Egiari Zor fundazioek eta Elkarteen Foroak egindako alegazioak hamar dokumentutan aztertu dituzte. Eusko Jaurlaritzaren barruan ere Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak ekarpenak egin ditu.
63 aldaketa
Proposamen gehienak izaera “eraikitzailea eta positiboa” dutela azaldu du Erkorekak. Zentzu horretan, 26 proposamen kontuan hartu eta 63 aldaketa egin dituztela nabarmendu du bozeramaileak.
Bi aldaketa esanguratsuenak azpimarratu ditu Jaurlaritzako ordezkariak. Bat AVTk egindakoa izan da, eta besteak “goraka ari” diren elkarbizitzaren “erronkekin” zerikusia du.
Terrorismoaren eta indarkeriaren biktimak artatzeko garaian, Eusko Jaurlaritzaren konpromisoak “argitu” nahi ditu PPren, AVTren eta antzerako elkarteen ekarpenak.
Erkorekaren hitzetan, “elkarbizitzan goraka ari diren erronken agenda” da bigarren aldaketa nagusia. Nazio Batuen Agenda 2030 marko berriarekin konpromisoa hartuko du egitasmoak.