Politika -

KATALUNIA

Kataluniako Parlamentuak astelehenean egingo du independentziaren saioa

Mireia Boya CUPeko presidentearen hitzetan, osoko bilkura “Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko” izango da. Balizko atxiloketen aurrean ere adierazpena egitea defendatu du Boyak.

Parlamentaren osoko bilkura astelehenerako deitu dute CUP eta Junts Pel Sik

1:30

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Urriaren 1eko erreferendumaren ondorioak azaltzeko, Carles Puigdemont Generalitateko presidenteak astelehenean Parlamentuko osoko bilkuran agerraldia egitea proposatu dute gaur JxSik eta CUPek. Osoko bilkura 10:00etan hasiko da.

Ganberako Bozeramaileen Batzordea bildu da gaur. U-1eko emaitzen balorazioa eta Referendum Legeko 4. artikuluaren aplikazioa ardatz izango ditu agerraldiak. Gai zerrendako puntu bakarra izango litzateke.

Artikulu horren arabera, erreferendumeko emaitzen berri eman eta bi egun geroago, Parlamentuak osoko bilkura egingo du, “Kataluniaren independentzia adierazpen formala aldarrikatzeko eta prozesu konstituziogilearen hasiera adosteko”.

CUP: “Independentzia aldarrikatzeko da”

Osoko bilkura “Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko” izango dela azpimarratu du Mireia Boya CUPeko taldearen presidenteak. Balizko atxiloketen aurrean ere adierazpenarekin aurrera jarraitzea eskatu du Boyak.

Asteleheneko ezohiko osoko bilkura “erreferendumeko emaitzak baloratzeko eta ondorioak gauzatzeko da, hau da, Kataluniaren independentzia aldarrikatzeko, edo beste era batera esanda, Kataluniako errepublika independentea aldarrikatzeko”.

Adierazpenaren edukiaz JxSirekin hitz egiten ari direla eta “oraindik itxi ez” dutela gaineratu du Boyak.

Konstituzioaren 155. artikulua aplikatzeko aukeraren aurrean “prest” daudela ohartarazi du CUPeko ordezkariak. Nahiz eta atxiloketak izan, “ez dute inola ere independentzia aldarrikapena geldiaraziko urriaren 9an, Parlamentua egitera derrigortuta dagoelako”, adierazi du.

Boyaren ahotan, independentzia adierazpena lehenago egiteko “borrokatu” dute. Zentzu horretan, astelehena baino lehen zergatik ez den egiten azaltzeko eskatu dio JxSiri.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Katalunia Berriak Politika Bartzelona Kataluniako erreferenduma gaur Albisteak Gaur Albisteak