Politika -
Araba
Altsasuko gazte auzipetuak babesteko elkarretaratzea egin dute Gasteizen
Ehunka lagun bildu dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren plazan "justiziaren gehiegikeria" salatzeko. Bilboko eta Donostiako Aste Nagusietan elkarretaratze gehiago egingo dituztela iragarri dute.
EITB.EUS
Ehunka lagun bildu dira igande arratsalde honetan Gasteizen Altsasuko gazte auzipetuei babesa adierazteko.
Duela 9 hilabete baino gehiago atxilotu zituzten gazte horiek, bi guardia zibili eta horien bikotekideei eraso egin izana leporatuta, Altsasuko taberna batean, hain zuzen ere. Hamaika gazte horietako hiru espetxean daude oraindik. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 62 eta 12 urte bitarteko espetxe-zigorrak eskatu ditu horientzat.
"Justiziaren gehiegikeria" salatzeko, ehunka bizilagun elkartu dira Gasteizen, 'Ez dugu izaterik aske haiek gabe! Euskal gazteria aurrera!' lelopean. Altsasukoak Aske plataformako kideek azpimarratu dutenez, ez dute inpunitaterik nahi, giza-eskubideak errespetatzea baizik.
Gainera, gizartearen babesa lortzea funtsezkoa dela adierazi dute. Hori dela eta, Donostiako eta Bilboko Aste Nagusietan ere elkarretaratzeak deituko dituztela iragarri dute.