Politika -

Europarlamentua

Altsasuko gazteen egoera salatu dute Europarlamentuan

Espainiako Estatuak terrorismoari buruzko arau europarrak betetzeko duen modua aztertzeko ere eskatu dute EAJk, EH Bilduk, IUk eta Podemosek.

Altsasuko gazteen aldeko protesta. Argazkia: EiTB
Altsasuko gazteen aldeko protesta. Argazkia: EiTB
Altsasuko gazteen aldeko protesta. Argazkia: EiTB

agentziak | erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Izaskun Bilbao (EAJ), Josu Juaristi (EH Bildu), Marina Albiol (IU) eta Xabier Benito (Podemos) europarlamentariek ekimen bat aurkeztu dute Altsasun bi guardia zibili eraso egiteagatik zortzi gaztek jaso duten kartzela-zigor eskaera salatzeko. Gainera, Espainiako Estatuak terrorismoari buruzko arau europarrak betetzeko duen modua aztertzeko ere eskatu dute.

Europarlamentari talde horrek, altsasuarren kasua Europako Parlamentura eraman zuenak, aurkeztu duen ekimenean azaldu du 375 urteko espetxe zigor eskaera "terrorismo delituaren definizioa jasotzen duen legedi europarra Espainian gaizki aplikatzearen ondorio" da.

Hori dela eta, Europako Batzordeari "europako legeak Estatuan egokitzeko prozesua berrikusteko" eskatu dio, eta egiazta dezala Europako Oinarrizko Eskubideen Gutunak "zigorren proportzionaltasunaz" dioena errespetatzen duen.

Bilbaok, Juaristik, Albiolek eta Benitok gogorarazi dute zigor eskaeraren oinarrian "Altsasuko taberna batean lau pertsonak izandako liskarra" dagoela, eta "tartean bi guardia zibil" zeudela. Gainera, borrokaren ondorioz izan zen lesio larriena "txorkatila apurtzea" izan zela gehitu dute.

Horren harira, "gertatutakoa terrorismo delitu bihurtu" nahi izan dutela kritikatu dute.

Ekimenaren sinatzaileen arabera, akusazioaren idazketak "ez du bat egiten EBren terrorismoaren definizioarekin". Era berean, "poliziei egindako beste eraso batzuetan Zigor Kodea beste modu batean aplikatu" dutela uste dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak PNV-EAJ Batasun europarra Europako herrialdei buruzko albisteak EH Bildu Bizkaia Albisteak Gaur Albisteak Podemos albisteak Altsasu albisteak Gazteak azken ordukoa