Politika -

Auzitegi Nazionala

Fiskalak 62 urte arteko espetxe-zigorrak eskatu ditu Altsasuko gazteentzat

Fiskaltzak 62 urte eta sei hilabeteko espetxealdia eskatu du auzipetuetako batentzat; 50 urtekoa beste seirentzat; eta 12 urte eta erdiko kartzela-zigorra beste batentzat.

Altsasuko gazteen aldekoa. Iruñean. EFE
Altsasuko gazteen aldekoa. Iruñean. EFE
375 urteko kartzela zigorra Altsasuko zortzi auzipetuentzat

1:36

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak 12 urte eta sei hilabete eta 62 urte eta sei hilabete urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu urriaren 15ean Altsasuko (Nafarroa) taberna batean bi guardia zibilekin eta haren bikotekideekin borroka izan zuten gazteentzat, terrorismo delituak egotzita. Gainera, 41.100 euroko kalte-ordaina ematea galdegin du.

Jose Perals fiskalak lau "delitu terrorista" leporatu dizkie auzipetuetako zazpiri eta delitu horietako bakoitzagatik 12 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatzen du, 50 urteko espetxealdia, beraz.

Auzipetuak Oihan Arnanz, Jokin Unamuno, Jon Ander Cob, Julen Goikoetxea, Adur Ramirez, Aratz Urrizola, Iñaki Abad eta Ainara Urkijo dira. Horietako hiru (Oihan, Adur eta Jokin) preso daude azaroaz geroztik.

Oihan Arnanzi "mehatxu terroristak" egin izana ere egozten diote eta ondorioz 12 urte eta erdiko beste zigor bat eskatu du fiskalak harentzat; orotara, 62 urte eta sei hilabeteko espetxealdia galdegin du.

Ainara Urkijori, berriz, delitu bakarra egotzi diote, "mehatxu terroristak" egitea, eta, ondorioz, 12 urte eta sei hilabeteko kartzela-zigorra eskatu dute haren kontra.

Fiskalak 18 eta 30 urte eta erdiko zigor alternatiboak proposatu ditu bere idatzian lehendabiziko zazpi auzipetuentzat.

Zehazki, Oihan Arnanzentzat 30 urteko espetxealdia galdegin du, desordena publiko terroristak (8 urte), autoritatearen kontrako atentatua (2 urte), lau lesio delitu (8 urte) eta mehatxu terroristak (12 urte eta sei hilabete) leporatuta.

Gainerako sei auzipetuentzat 18 urte eta sei hilabeteko kartzelaldia eskatu du alternatiba moduan.

Horrez gain, guztiei 20 urterako erabateko gaitasungabetzea eta bost urterako zaintzapeko askatasuna ezartzea eskatu du.

Fiskalak bere idatzian dio Altsasuko gertakariak Guardia Zibilak eta Espainiako Polizia Euskal Herritik joateko 'Alde Hemendik' kanpainaren baitan kokatzen dela eta kanpaina horren helburua guardia zibilengan eta poliziengan "beldurra" eragitea eta gizartean haienganako "ezinikusia" sorraraztea dela.

Gertakariak 2016ko urriaren 15ean jazo ziren, goizaldean, Altsasuko taberna batean.

Defentsak ez du jakinarazpenik jaso

Altsasuko gazteen defentsak ez du jakinarazpenik jaso eta komunikabideen bidez izan du Fiskaltzaren eskaeraren berri.

ETB egindako elkarrizketa batean, Amaia Izko abokatuak adierazi du "kasu hau nola eramaten ari diren" erakusten duela honek. "Auzi honek asko du mediatikotik eta politikotik, eta oso gutxi juridikotik", gaineratu du.

Hasieratik, Fiskaltzak komunikabideei informazioa filtratzen diela salatu du. "Imajinatu auzipetuentzat eta familientzat zer den medioen bitartez izatea horrelakoen berri", erantsi du.

Zigorren harira, Izkok azpimarratu du "Zigor Kodean jasotako delitu larrienetan baino zigor-eskaera altuagoak" egin dituztela; izan ere, "etxean armak eta lehergailuak gordetzeagatik, pertsona bat hiltzeagatik edo diru publikoa lapurtzeagatik zigor-eskaera txikiagoak egiten dira", nabarmendu du.

Senideak, epaiketa justu baterako berme eske

Altsasuko gazteen senideak Europako Parlamentuan izan ziren iragan ostegunean, Bruselan, kasuaren xehetasunen berri emateko eta herrialde ezberdinetako eurodiputatu eta taldeen babesa eskatzeko.

Bisita horren ostean, Altsasuko auzian "proportzionaltasun, justizia eta ekitate printzipioak nagusitzea" eskatu zuten 51 europarlamentarik adierazpen batean. Horrez gain, "gertaera horiek terrorismo delitu gisa ez kalifikatzea" aldarrikatu zuten.

Halaber, kasuaren eskumena Iruñeko Argibideetako 3. Epaitegiaren esku uztea eskatu zuten, han epaitu dezaten.

Auzia Iruñeko epaitegian ikertu zuten hasieran, baina "terrorismo zantzuak" antzeman ostean, kasua Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuten.

Auzipetuek erabaki horren aurka helegitea aurkeztu zuten eta Nafarroako Auzitegi Nagusiak terrorismo deliturik ez zegoela ebatzi zuen.

Auzitegi Gorenak, baina, Auzitegi Nazionalaren esku utzi zuen Altsasuko auzia pasa den ekainean. Espainiako Auzitegi Gorenak "terrorismo" delituaren zantzuak atzeman zituen, eta soilik Auzitegi Nazionalak du delitu horiek aztertzeko eskuduntza.

Epaimahaiaren esanetan, "erasoaren helburua ikara eta segurtasun falta" sorraraztea zen, "haien bizilekua utzi eta alde egitera behartzeko".

EH Bildu: "Neurrigabea da"

EH Bilduk Altsasuko gazteen aurka eskatutako espetxe-zigorrak gogor salatu ditu eta "neurrigabea" dela nabarmendu du.

"Hau guztia muntaia polizial, judizial eta mediatiko baten ondorio da, interes politiko jakin batzuei erantzuteko egin dena", ohartarazi du ohar baten bidez.

Era berean, EH Bilduk normalizazioaren eta bizikidetzaren aldeko apustua berretsi du, baina horrelako auziak "kontrako noranzkoan" doazela ohartarazi du.

"Egoera oso larri eta onartezin baten aurrean gaude. Altsasuko hainbat gazteren aurka 50 urteko espetxe zigor eskaera egin du Fiskaltzak, 'terrorismoarekin' lotutako delituengatik; baina bere burua eskubideen estatutzat daukan estatu batean liskar gisa baino ez zen hartuko gertatutakoa", azpimarratu du.

Amaitzeko, EH Bilduk bere "babesa eta elkartasuna" helarazi die zortzi auzipetuei eta espetxean dauden hiru gazteak berehala askatzeko eta "mehatxu judizial" hau amaitzea exijitu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Auzitegi Nazionala Politika Nafarroa gaur Zer ari da gertatzen Europan? EH Bildu Bizkaia Prentsa digitalaren azken orduko Albisteak Altsasu albisteak Gazteak gaur