Politika -
Frankismoko krimenak
Martxoaren 3ko biktimek aurre egin diote Martin Villari
Kalean aurrez aurre topatu dira. Dagokion ardura bere gain hartzeko exijitu diote biktimek. "Kontzientzia garbi" daukala erantzun die Martin Villak.
eitb.eus
Francisco Franco diktadorea hil osteko lehen udal hauteskundeak egin zirela 40 urte bete direla eta, ekitaldia egin dute Diputatuen Kongresuan. Ekitaldi horretan Felipe VI erregeak domina jarri dio Rodolfo Martin Villa ministro ohiari.
Gasteizen, 1976ko martxoaren 3an izandako sarraskiaren erantzule politikotzat jotzen dute Martin Villa. Poliziak bost langile hil eta beste 150 pertsona inguru zauritu zituen.
Gertakari horiengatik, Maria Servini epaile argentinarrak Martin Villa atxilotzeko eta auzipetzeko nazioarteko agindua eman zuen, diktadura frankistaren garaian izandako gizateriaren aurkako krimenak ikertzeko ireki zuen auziaren baitan.
Bestalde, 1977an, ministro zela baliatuta, Martin Villak 'Billy el Niño' bezala ezaguna den Antonio Gonzalez Pacheco torturatzailea kondekoratu zuen.
Beste ekitaldi bat ere izan da gaur Madrilen, biktimen inpunitatearen kontra deitutakoa. Hara joan dira Martxoaren 3ko zenbait biktima, eta kalean, aurrez aurre, Martin Villarekin egin dute topo.
Azalpenak eskatzeko baliatu dute unea. "Aurpegia eman" eta "egindakoaren erantzukizuna bere gain" har dezala exijitu diote biktimek.
Martin Villak esan die "dena ondo egin" zela uste duela eta, beraz, "kontzientzia garbi" daukala. Gainera, epaile baten aurrean deklaratzeko prest egongo litzatekeela esan die, "baina Estatuko estamentuek hala egitea galarazten didate".