Politika -

RADIO EUSKADI

AHT errentagarria dela berretsi dute EAJk, PPk eta PSEk

EH Bilduk, berriz, proiektuan 'xahutzen ari diren dirutza' eta 'ingurumenean egindako kaltea' salatu ditu. Elkarrekin Podemosek kontu-ikuskapena egiteko eskatu du, benetako kostua zein den jakiteko.

Egibar, Bengoechea eta Hernandez, gaur, Radio Euskadin.
Egibar, Bengoechea eta Hernandez, gaur, Radio Euskadin.
AHT errentegarria dela diote EAJk, PSEk eta PPk

1:17

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Adifek EAEko Abiadura Handiko Trenaren 11 tuneletan larrialdiko irteerak egin beharko dituela jakiteak mahai gainean jarri du, berriro, eztabaida. Besteak beste, obra berriek izango duten 52 milioi euroko kostua izan dute hizpide, goizean, Radio Euskadiko tertulian.  EAJk, PPk eta PSE-EEk AHT egitasmo errentagarria dela berretsi dute, eta, aldiz, EH Bilduk tren hori egiten "xahutzen ari diren dirutza" salatu du. Elkarrekin Podemosek, berriz, kontu-ikuskapena egitea eskatu du, AHTaren obrek EAEn izango duten benetako kostua zein den jakiteko.

Joseba Egibar legebiltzarkide jeltzaleak onartu du obrak "gehiegi" luzatzen ari direla, "atzerapenen ondorioz". Halere, Egibarrek azpimarratu du "beharrezkoa eta lehentasunezkoa" dela Abiadura Handiko Trena.

Iker Casanova EH Bilduko legebiltzarkideak, berriz, proiektua abian jarri zutenetik, "astakeriak bata bestearen atzetik" egin direla gaitzetsi du.  Trena egiteko "xahutzen ari diren dirutza" eta lanek "ingurumenean eragiten ari diren kaltea" salatu ditu.

Beste alde batetik, segurtasun araudia betetzeko egin beharreko lanak zein neurriraino aurreikusi zitezkeen galdetu du Jon Hernandezek (Elkarrekin Podemos). Ildo horretatik, Abiadura Handiko Trena “ekonomikoki ezta sozialki ere” ez dela errentagarria azpimarratu du. Arrazoi horregatik, “denboran luzatzen ari den” azpiegitura horren benetako balioa ezagutzeko kontu-ikuskapena egitea eskatu du Hernandezek. “Bien bitartean, trenbide-zerbitzuak okerrera egin du azken urteotan, trenen eta zerbitzuen murrizketa dela eta”.

Europak araudi berria ezarri aurretik hainbat tuneletan larrialdiko irteerak eginak zeudela gogora ekarri du Alexia Castelo PSE-EE alderdiko kideak.  Ondorioz,  orain agindu horretara “egokitu” beharra dagoela esan du.

Azkenik, AHTaren lanak “espainiar guztien artean” ordainduko direla nabarmendu du Juana Bengoechea Alderdi Popularraren legebiltzarkideak. Hala, “interes orokorreko” azpiegitura bat dela ziurtatu du, eta euskaldunek soilik balio guztiaren % 6a ordaindu beharko dutela gaineratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euzko Alderdi Jeltzalea EH Bildu Bizkaia PSE-EE albisteak Euskadiko PP bideoak Albisteak Gaur Gaurko azken ordukoa