Politika -
AUTOGOBERNUA
Urkullu: 'Adostutako etorkizuna da proposamen instituzionalik onena'
'Adostasunean' oinarritutako estatus politiko berriaren aldeko apustua berretsi du lehendakariak, EHUko Udako Ikastaroen irekiera ekitaldian.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Iñigo Urkullu lehendakariak adostasunean oinarritutako autogobernuaren aldeko apustua berretsi du. Horren hitzetan, "adostasunean oinarritutako etorkizuna" bermatzea herritarrei egin dakieken "proposamen eraginkorrena" da. "Gizartearen onura orokorra" bermatzeak, edonola ere, "norbanakoen zenbait ideiei uko egitea" eskatuko duela ohartarazi du lehendakariak.
"Gure gizartea anitza da, naziokidetasuneko sentimendu ezberdinak dituena. Sentimendu horiek babestu egin behar ditugu, komunitate bereko sentimenduak baitira", azpimarratu du.
EHUren XXVI. Udako Ikastaroen irekiera ekitaldian egin ditu adierazpenok Urkulluk, Donostian. Ekitaldian egon dira, baita ere, Nekane Balluerka EHUko errektorea, Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusia, Eneko Goia Donostiako alkatea, Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua, Rafael Pardo BBVA Fundazioko zuzendaria eta Camen Agoues EHUko Udako Ikastaroen burua.
Elkarbizitzaren muinean "etikaren printzipioa" dagoela azpimarratu du lehendakariak, eta Eusko Jaurlaritzaren egitekoa elkarbizitza hori lortzeko baldintzak sustatzea dela gaineratu du. Horretarako, Urkulluren hitzetan, gutxieneko etikoak adostu eta oinarri sendoa eraikitzea erakundeei dagokiela esan du. "Adostutako etorkizuna bermatzea da egin dezakegun proposamen instituzionalik onena", zehaztu du.