Politika -
PSOE
Abalos izango da PSOEren behin-behineko bozeramailea Kongresuan
PSOEk ekainaren 17an eta 18an egingo du 39. Kongresua eta ordura arte egingo ditu Abalosek bozeramaile lanak. Sanchezen gertukoa da diputatu valentziarra.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jose Luis Abalos diputatua izango da, behin-behinean, PSOEren bozeramailea Kongresuan, Pedro Sanchez idazkari nagusiak izendatuta. Hala, joan den astean dimisioa eman zuen Antonio Hernandezen lekukoa hartuko du Abalosek.
Ekainaren 17an eta 18an PSOEk egingo duen 39. Kongresura arte egingo ditu diputatu valentziarrak bozeramaile lanak, alderdiko iturriek jakitera eman dutenez. Ondo bidean, hiru aste barru egingo duen batzarrean erabakiko du Alderdi Sozialistak bozeramaile berria.
Sanchezen gertukoa da Abalos, eta idazkari nagusirako kanpainan, besteak beste, koordinazio lanetan ibili da. Kongresuan diputatu izateaz gain, Valentziako sozialisten lurralde idazkaria da, eta Mariano Rajoyren inbestidura saioan ezezkoa bozkatu zuen.
Idazkari nagusi izateko hauteskundeetan, Valentzian lortu ditu Sanchezek emaitzarik onenetakoak, bertako presidentea, Ximo Puig sozialista, Susana Diazen aldekoa izan arren.
Egitura berria, baroirik gabe
Alderdiaren exekutiba berria osatzeko egitura prestatzen ari da Sanchez. Alderdiko "sentsibilitate guztiak" ordezkatuta nahi ditu zuzendaritza berrian, baina baroiak eta lurraldeetako buruak kanpoan utziko ditu.
Ferrazen, kazetarien aurrean egindako adierazpenetan idazkari nagusiak berretsi du barne hauteskundeetara aurkeztu zuen programan jaso zuela lurraldeetako idazkari nagusiak exekutiba federaletik kanpo uzteko proposamena.
Idazkari nagusi aurrenekoz aukeratu zutenean Sanchezek osatu zuen zuzendaritzan lurraldeetako idazkari nagusiek bazuten ordezkaritza, baina bokal modura bakarrik, ardurarik gabe.