Politika -
Nafarroa
Duela sei hilabete atxilotutako gazteak aska ditzatela eskatu dute Altsasun
Bi guardia zibilei eta haien bikotekideei ustez egindako eraso batengatik espetxean jarraitzen dute hiru pertsonak joan den urriaren 15az geroztik.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Bi guardia zibilei eta haien bikotekideei ustez eraso egiteagatik joan den urriaren 15az geroztik kartzelan dauden hiru lagunak aske utz dezatela eskatu dute gaur Altsasun egindako manifestazio batean. Antolatzaileen ustez, 4.000 lagun bildu dira atxilotuei babesa erakusteko asmoz. Sei hilabete igaro dira atxiloketak jazo zirenetik, eta Altsasuko zortzi auzokideei leporatu diete erasoa.
Gaurko hitzordua deitu dutenek "muntai poliziala" salatu dute, eta 6 hilabete igarota, "euren lagunetatik, familietatik eta ikastetxeetatik 500 kilometrora, espetxe-erregimen anker baten mende" sei gazteak atxilotuta jarraitzea kritikatu dute.
Gainera, inputatuta dauden beste bost pertsonari dagokienez, "zentzurik gabeko epaiketa baten zain daude, beste bi adingabe zalantzazko etorkizun baten mehatxupean bizi diren bitartean".
"Muntai polizialak, operazio politikoak, gezurrek eta informazio-manipulazioak bidea prestatu zuten, asteak zeramatzaten martxan eta gaur egun oraindik ere oso aktibo jarraitzen dute", gaitzetsi dute antolatzaileek. "Interes batzuk existitzen dira, eta onartuko ez ditugun mendeku-asmoa eta helburu politikoak", gaineratu dute.
Hori dela eta, "herri bezala, muntai horren aurrean batuta erantzuteko" deia egin dute, eta "gure jendearen askatasunaren alde borrokatzen jarraitzeko".