Politika -
19. urtemuga
Alderdi guztiek egin dute bat Tomas Caballerori Iruñean egindako omenaldian
Iruñeko Udalak Tomas Caballero UPNko zinegotzia omendu du gaur, ETAk hil zuela 19 urte igaro direnean.
Agentziak | Erredakzioa
Iruñeko Udaleko alderdi guztien ordezkariek, Joseba Asiron bertako alkatea buru zutela, Tomas Caballero UPNko zinegotziari gaur Iruñean egin zaion omenaldian parte hartu dute, ETAk hil zuenetik 19 urte bete diren egunean.
Caballeroren senitartekoez gain, alderdi politikoetako eta erakundeetako ordezkaritza zabala bertaratu dira ekitaldira, besteak beste, Uxue Barkos Nafarroako Gobernuko presidentea, Miguel Sanz presidente ohia edota Carmen Alba Gobernu ordezkaria.
Javier Caballerok, eraildako zinegotziaren semeak, ordezkapen zabal hori eta, batez ere, Iruñeko Udaleko alderdi guztietako zinegotzien parte-hartzea nabarmendu eta eskertu du Iruñeko San Jose hilerrian egin den ekitaldian.
Javier Caballerok onartu duenez, "gaurko ekitaldia garrantzitsua da, are gehiago iruindar guztien ordezkaritza politikoa dagoelako".
"Jarrera horrek, zalantza gabe, lagundu egiten du", esan du. Aitzitik, "jarrerak baino askoz garrantzitsuago dira egunero dugun jokabidea, gure konpromiso etengabea, etorkizunaren eraikuntzarekiko gure konpromiso zintzoa", gaineratu du.
Hori dela eta, Caballerok, "baikorra" izateko desioa duela eta iragana ezin daitekeela errepikatu eta ez dela errepikatuko baieztatu du; alabaina, ohartarazi duenaren arabera, "ezin da orrialdea beste aldera itzuli, ezer gertatu ez balitz bezala", eta uste du "bidean geratu direnen oroitzapenean" oinarritu behar dela bizikidetza.
"Ekitaldi honek bakarrik du zentzua, baldin eta balio badu eragindako mina onartzeko, ETA existitu izana akats galanta izan zela aldarrikatzeko eta desegin dadila eskatzeko. Bakarrik dauka zentzua, baldin eta nire aitaren oroitzapena gogoratzen dugun batasun berarekin eskatzen badiegu hiltzaileei hilketa guztiak argi ditzatela", erantsi du.
Horrez gain, "ETAk hirian utzi dituen 26 biktimei" zabaldu die omenaldia.