Politika -
18:00etan
Sortuk ustelkeria salatu du PPren egoitzen aurrean
Sorturen hitzetan, EAJk 'ustelkeriaren alderdiaren' aurrekontuak babestea 'immorala' litzateke. Elkarretaratzeak hiriburuetan izan dira.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Sortuk deituta elkarretaratzeak egin dituzte Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan PPk dituen egoitzen aurrean, alderdi espainiarraren eta Estatuaren ustelkeria salatzeko, EAJren jarrera kritikatzeko, Espainiako Gobernuaren aurrekontuei "bide emateagatik", eta "jendea zainduko duen Estatu propio zintzoa" aldarrikatzeko.
Dozenaka lagun elkartu dira lau elkarretaratzeetan, eta "lotsa" leloa zuten pankartez gain, 'Aita jauna'ren soinu bandaren musika jarri dute.
'Ustelkeria arazo estrukturala da'
Sortuko eledunak esan zuenez, Espainiako "klase politiko osoa" dago ustelkerian murgilduta. "Herri honetan oraindik ez dago benetako demokraziarik", esan du.
Azken asteotan Madrilen lehertutako ustelkeria kasuak "icebergaren punta" baino ez direla nabarmendu du Rodrigezek. Elite politikoak azken 40 urteotan egin duen "harrapaketa sistematikoaren" adibide txiki bat baino ez da Madrilgoa, Sorturen arabera.
Espainiako Gobernua "guztia pribatizatzen eta murrizten" ari dela ere esan du. Diru publikoa "euren poltsikoak eta lagunenak betetzeko" erabiltzea egotzi die ezker abertzaleko kideak Alderdi Popularreko buruzagiei.
Ustelkeria ez da alderdi bakar baten arazoa, Sorturen iritzian: "Espainia osoaren arazo estrukturala da. Espainia goitik behera dago ustelduta".
EAJri kritikak
Estatuko aurrekontuak adosteko EAJren eta PPren arteko negoziazioaz galdetuta, Rodrigezek esan zuen oso larria litzakeela jeltzaleek "alderdi ustelaren" proposamena babestea.
"Leporaino ustelduta" dagoen alderdi batekin akordioa lortzea "immorala" litzatekeela gaineratu zuen.