Politika -
Nafarroa
Jose Luis Mendoza Nafarroako Hezkuntza kontseilariak dimititu egin du
Uxue Barkos presidenteak onartu egin du dimisio eskaria, Foru Gobernuak ohar bidez jakinarazi duenez. Maria Solanak hartuko du kargu hori.
EITB.EUS
Jose Luis Mendoza Nafarroako Gobernuko Hezkuntza kontseilariak dimisioa aurkeztu dio gaur Uxue Barkos Nafarroako presidenteari, eta horrek onartu eta Maria Solana Gobernuaren egungo bozeramaileak izendatu du kontseilari kargurako.
Nafarroako Gobernuak prentsa-ohar batean azaldu duenez, presidenteak "eskerrak eman dizkio Jose Luis Mendozari egindako lanagatik, inplikazioagatik eta karguan egon denean egindako esfortzuagatik".
Mendozak Hezkuntza Sailean egindako lana polemikoa izan da hasieratik, 2015eko uztailetik, euskarazko eta ingelerazko eskolen inguruan hartutako erabakiengatik eta lan eskaintza publikorako deialdia dela eta bereziki.
Foru Gobernuak oharrean adierazi duenez, Mendozak "aldaketa handiak, beharrezkoak eta pisuzkoak egin ditu hezkuntza komunitatean; besteak beste, azken bost urteetako lehenengo lan eskaintza publikoa, PAIren berrikuspena eta hobekuntza, Foru Erkidego osoari D Ereduan sartzeko aukera ematea, ikasgelako 25 ikaslera itzultzea, eskola eta institutuen mantenurako inbertsio plana eta eskola jazarpenaren aurkako protokolo berriak ezartzea".
Nafar Gobernuko iturriek jakinarazi dute Solanak bihar eguerdian hartuko duela kargua, Barkosek izendapenaren dekretua sinatu ostean, eta aldi berean Gobernuaren bozeramaile izaten jarraituko du.
Maria Solana Iruñean jaio zen 1975ean, eta Ikus-Entzunezko lizentziatura du. Diario de Noticiasen euskarazko orrietan egin zuen lan 2000tik 2015era, Udalbide Elkartearen Komunikazio eta Prentsa arduraduna izan zen (2005/2006), eta Jaietako Berdintasun Kanpainen Komunikazio buru ere izan zen gara hartan.
TVEn ere lan egin zuen, erredaktore eta esatari gisa, euskarazko informatiboan, 2003tik 2008ra, eta kolaboratzaile izan da Euskalerria Irratian eta Donostiako Herri Irratian. 2007tik 2015era Nafarroa Bairen eta Nafarroako EAJren Prentsa eta Komunikazio arduradun izan zen.
2015eko maiatzean Geroa Bairen diputatu aukeratu zuten, eta 2016ko irailetik da Nafarroako Gobernuaren bozeramaile.