Politika -
ETA-ren armagabetzea
Trabarik jar ez dezan eskatu diote Frantziari 'bakearen artisauek'
Frantziako agintariei ETAren armagabetze prozesuan parte hartzeko dei egin dieten arren, ez dutela erantzunik jaso esan dute.
Agentziak | Erredakzioa
ETAren “armagabetze teknikoaren egunean” trabarik jar ez dezan eskatu diote Frantziari “bakearen artisauek”. Hala, trukean ezer eskatu gabe Frantziako agintariei prozesu horretan parte hartzeko deia behin baino gehiagotan egin dieten arren, ez dutela erantzunik jaso esan dute.
Ohar baten bidez, “bakearen artisauek” argi utzi dute “Euskal Herriaren, Espainiaren eta Frantziaren etorkizunari begira ETAren armagabetze prozesua funtsezko urratsa” dela.
Ildo horretatik, Frantziako agintariei prozesuan parte har dezaten “behin baino gehiagotan” egin dizkieten eskaerek ez dutela baiezko erantzunik izan deitoratu dute. Hori dela eta, apirilaren 8an Baionan egingo den armagabetze egunean trabarik ez jartzeko eskatu diote Frantziari.
Halaber, egungo blokeo egoerak bost urte (ETAk indarkeriari uko egingo ziola iragarri zuenetik) iraun duela azpimarratu dute “bakearen artisauek”. Horregatik, bake prozesuak “bere orokortasunean” aurrera egin ahal izateko “armagabetze teknikoaren eguna” egitea erabaki zuten.
Era berean, apirilaren 8an Baionan izango diren milaka herritarrek, ordezkari sindikalek, politikariek edota gizarte zibilaren ordezkariek ETAren armagabetzea gauzatzen lagunduko dutela ziurtatu dute.