Politika -
AUZITEGI NAZIONALA
Baldintzapeko askatasuna ukatu diete preso dauden Altsasuko gazteei
Jokin Unamuno, Adur Ramirez de Alda eta Oihan Arnanzen defentsak jarritako helegitea atzera bota du Auzitegi Nazionalak. Prozedura eteteko eskaera ere ez du onartu.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Altsasun bi guardia zibili eta haien bikotekideek eraso egiteagatik espetxean dauden hiru gazteak baldintzapean aske uzteko eskaria atzera bota du Auzitegi Nazionalak. Atxilotuen senideek salatu dutenez, erabakiak argi erakusten du "injustizia geroz eta handiago" baten aurrean gaudela.
Hamabostero bezala, elkarretaratzea egin dute Nafarroako Auzitegiaren aurrean preso dauden gazteen lagunek eta senideek, gazteei terrorismo delitua leporatzearen aurka. Horien izenean, Edurne Goikoetxeak eta Bel Pozuetak hitz egin du hedabideen aurrean, eta Altsasuko kasuaren "bidegabekeria" salatu dute berriro.
Nafarroako Auzitegiak martxoaren 23an kaleratutakoa ekarri dute gogora goizeko bilkuran. Nafarroako Auzitegiaren aburuz, ez dago terrorismo delitua egozteko "arrazoizko zantzurik". Horrenbestez, kasuko izapideak Iruñean egitea eskatu zuen, Auzitegi Nazionalean egin beharrean.
Nafarroako Auzitegiaren adierazpenek, Espainiako Kongresuko eta Senatuko hainbat kidek emandako babesak eta Altsasuko gazteen alde bildutako 14.000 sinadurek "indar handia" eman dietela esan badute ere, atzo Auzitegi Nazionalak askatasun eskaria atzera bota izanak auziaren bidegabekeria agerian uzten duela salatu dute gazteen gertukoek. Borrokan jarraituko dutela gaineratu dute, "tunelaren amaieran, argia ikusten jarraitu nahi" dutelako.