Politika -
Adierazpenak
Anasagasti: 'Beldurraren ondorioz, Espainiak ez du Kosovo onartuko'
Jeltzalearen esanetan, Espainiak ez du Kosovoren nazioarteko onarpena batere gustoko, batez ere, Katalunia eta Euskadirekin kezkatuta dagoelako.
Erredakzioa
"Espainiak ez du Kosovoren independentzia onartuko euskal-galiziar-katalanen kutsatzeari beldur diolako". Hori adierazi du gaur bertan Iñaki Anasagasti EAJko senadoreak.
Bere hitzetan, demokrazia batetan, "independentziak" herriaren borondatean oinarritu beharko lirateke eta ez "baionetetan, Konstituzioak dioen bezala".
"Zeozergatik izango da. Estaturik ez daukaten nazioekin lasai elkarbizitzeko zer ez duen ondo egiten begiratu beharrean, eskua pistolan jarri eta mehatxuka hasten dira", gaineratu du Anasagastik.
Bere blogean idatzitako artikuluan dioenez, "inork ezin du esan Kosovo ez dela independientea, Espainiak ezik, guztiontzat ezagunak eta fundamentuz gabekoak diren arrazoiengatik; eta beldurragatik ere".
"Hagako tribunalak nazioarteko babesa eman dio independentzia honi, eta hau ez da Errusia (nazioen kartzela) eta Espainiaren gustokoa (Katalunia eta Euskadirekin kezkatuta).
Kosovo bai, euskaldunak eta kataluniarrak, ez
Anasagastik, gainera "eskatu gabeko zehaztasunak" eman direla azpimarratu nahi izan du. "Kosovo bai, euskaldunak eta kataluniarrak, ez. Baina, zergatik? Demokrazia batetan, nazioen independentzia herriaren borondatean oinarritu beharko litzateke, eta ez baionetetan, Espainiako Konstituzioak dioen moduan".
"Letonia, Estonia, Lituania, Montenegro, Mazedonia, Kroazia, Bosnia, Eslovenia, Eslovakia, Txekia ez ziren independienteak duela 15 urte eta gaur bai. Mundua gelditu al da? Zeozer apurtu? Jendeak zoriontasuna galdu ote du? Ba, ez. Europar Batasunari asko inporta ote zaio Kosovo Serbiaren barruan egotea edo independiente izatea? Berdin dio", adierazi du EAJko senadoreak.