Politika -

Epaiketa Bilbon

Barrenetxeak torturak salatu zizkiola esan du auzitegiko medikuak

Azaldu duenez, ez zuen lesio zantzurik antzeman. Halaber, ikuspegi medikoa eta psikikoa aintzat hartuta 'normal' zegoela ondorioztatu zuen.

Akusatutako lau guardia zibilak. Artxiboko argazkia: EiTB
Akusatutako lau guardia zibilak. Artxiboko argazkia: EiTB
Akusatutako lau guardia zibilak. Artxiboko argazkia: EiTB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guardia Zibilaren esku zegoen bitartean eta Auzitegi Nazionaleko epailearen aurretik igaro baino lehen Sandra Barrenetxeari bisita egin zion auzitegi medikuak deklaratu du ostegun honetan epaiketako hirugarren saioan. Bere deklarazioa azaldu duenez, tratu txarrak eta mehatxuak jasan zituela esan zion, baina berak ez zuen horren zantzurik antzeman.

Bizkaiko Lurralde Auzitegian, lau guardia zibil akusatuen aulkian jesarri dira hirugarren egunez, Sandra Barrenetxeari ustez egindako torturak argitzeko epaiketan. Barrenetxea 2010eko irailean atxilotu zuten, beste zortzi lagunekin batera, Ekineko kide izatea egotzita.

Defentsak, Jone Goirizelaia abokatuak, 19na urteko kartzela-zigorra eskatu du guardia zibilentzat: 10 urte, sexu erasoengatik; 6, torturengatik; eta 3, lesioengatik. Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatuaren ustez, agenteek ez zuten deliturik egin, eta absoluzioa eskatu dute.

Epaiketan peritu gisa deklaratu duen auzitegi medikuak Sandra Barrenetxeari bisita egin ostean 2010eko irailaren 14tik 17ra bitartean egin zituen txostenak berretsi ditu. Instrukzio epailearen aginduz, tarte horretan egunean bi bisita egin zizkion.

Akusazio partikularraren galderei erantzunez auzitegiko medikuak adierazi duenez, jasotako torturen eta mehatxuen testigantza eman zion. Zehatz mehatz esanda, urtarrilaren 14an buruan eta aurpegian kolpeak jaso zituela esan zion eta hilaren 15ean, berriz, kolpeez gain, poltsa, ukituak eta bortxaketa mehatxua salatu zituen. Hilaren 16ko bisitan, ostera, hainbat orduz zutik egotera behartu zutela eta mehatxatu egin zutela adierazi zion.

Azken bisita hilaren 17ko arratsaldean egin zion Auzitegi Nazionaleko ziegan eta kasu horretan ez zion tratu txar salaketarik egin.

Auzitegiko medikuaren esanetan, Sandra Barrenetxeari ez zion lesio zantzurik antzeman eta, oro har, ez zuela aztertua izan nahi. Gaineratu uenez, hilaren 15ean tentsio eta pultsua hartu zizkion eta balore normalak zituen. Fiskalaren galderei erantzunez azpimarratu duenez, ikuspegi medikoa eta psikikoa aintzat hartuta Barrenetxea 'normal' zegoela ondorioztatu zuen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Bilbo Zer gertatu da gaur Bizkaian? Epaiketak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa Polizia indarkeriari buruzko albisteak