Politika -
Epaiketa Bilbon
4 guardia zibil akusatuen aulkian, Barrenetxea ustez torturatzeagatik
Defentsak 19 urteko kartzela-zigorra eskatu du bakoitzarentzat; Fiskaltzak eta Estatuko Abokatutzak, berriz, absoluzioa.
EITB.EUS
Bizkaiko Lurralde Auzitegian, lau guardia zibil akusatuen aulkian jesarriko dira gaurtik aurrera, Sandra Barrenetxeari ustez egindako torturak argitzeko epaiketan. Barrenetxea 2010ean atxilotu zuten, beste zortzi lagunekin batera, Ekineko kide izatea egotzita. Denek salatu zituzten torturak, baina Barrenetxearen salaketak bakarrik egin du aurrera.
Bilbotarrak salatu zuenez, inkomunikazio-aldian torturak jasan zituen. Defentsak, Jone Goirizelaia abokatuak, 19na urteko kartzela-zigorra eskatu du guardia zibilentzat: 10 urte, sexu erasoengatik; 6, torturengatik; eta 3, lesioengatik. Fiskaltzaren eta Estatuko Abokatuaren ustez, agenteek ez zuten deliturik egin, eta absoluzioa eskatu dute.
Bilboko epaitegiek hiru aldiz artxibatu dute Barrenetxearen auzia. Azken erabaki horren kontra defentsak aurkeztutako helegitea aintzat hartu zuen 2015eko otsailean Bizkaiko Lurralde Auzitegiaren 6. Salak, eta horregatik egingo dute epaiketa.
Barrenetxeak lekuko gisa deklaratuko du epaiketan, eta ez du, beraz, beste kasu batzuetan ezartzen den babes-neurririk izango.
Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean atzo kontatu duenez, asko dira oraindik ere dituen ondorio psikologikoak. Inkomunikatuta eman zituzten lau egunetan "sexu-karga handiko irainak eta ukituak" egin zizkioten, eta ez da "lehenengoa".