Politika -
Euskal Autonomia Erkidegoa
Giza eskubideen agenda bateratua proposatu du Amnistia Internazionalak
Agenda hori Eusko Legebiltzarreko talde guztiekin partekatu du AI erakundeak, eta, orain, Espainiako Gobernuko ordezkariekin da biltzekoa.
EITB.EUS
Euskal Autonomia Erkidegoko alderdiek eta erakundeek giza eskubideen agenda bateratua adosteko ordua dela uste du Amnistia Internazionalak. Hori dela eta, erakunde horrek agenda bateratu bat prestatu du, eta, dagoeneko, hasi da partekatzen. Eusko Legebiltzarreko talde guztiei helarazi die txostena, eta, epe laburrean, Espainiako Gobernuko ordezkariekin biltzea da euren asmoa. Bilbon aurkeztu dute proposamena, gaur goizean.
AIren hitzetan, prestatu duten dokumentua erakunde eta talde politiko guztiek onartzeko modukoa da. Iraganari aurre egin eta etorkizuna eraikitzeko, ezinbestekoak dira egia, justizia eta erreparazioa, erakundearen aburuz. Iraganeko orria pasatzeko, iragan hori ondo irakurri behar dela esan du Esteban Beltran AIk Espainian duen zuzendariak.
Gatazkak iraun duen urteetan gertatutako guztia jasotzeko beharra azpimarratzen du erakundeak dokumentuan. Beltranen hitzetan, "badira oraindik argitu gabeko kontuak". Esaterako, ETAren atentatu asko argitu gabe eta tortura kasu gehienak onartu gabe daudela esan du.
Mari Carmen Hernandez, ETAk hildako Jose Mari Pedrosa PPko zinegotziaren alarguna, eta Asun Lasa, GALek hildako Joxean Lasaren arreba aurkezpenean egon dira. Gertatutakoa ahaztu gabe aurrera egiteko beharra nabarmendu du Hernandezek. Lasak, berriz, biktima guztien aitortza eskatu du, "izan ETArena, GALena edo Batallon Vasco Españolena". "Biktima bat ulertzen duenak, biktima guztiak ulertzen ditu", gaineratu du.
Prestatu duten agenda bateratuak onarpen ona izango duelakoan dago Amnistia Internazionala.