Politika -
Memoria historikoa
Francoren gorpuzkiak ez dituzte Eroritakoen Haraneko hobitik aterako
Auzitegi Konstituzionalean babes-helegitea jarriko dute, eta atzera botatzekotan, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko aukera aztertuko dute.
Agentziak | Erredakzioa
Espainiako Auzitegi Gorenak atzera bota du Francisco Franco eta Jose Antonio Primo de Riveraren gorpuzkiak Eroritakoen Haraneko hobietatik ateratzeko Baltasar Garzon epaile ohiak jarritako helegitea.
Iturri judizialek ohar baten bidez jakinarazi dutenez, Auzitegi Gorenak ez dio aipamenik egin Baltasar Garzonen eskaerari, eta bere garaian Espainiako Gobernuak emandako erantzuna berretsi besterik ez du egin. Arrazoi horregatik, Auzitegi Konstituzionaleko bidea hasiko duela jakinarazi du epaile ohiak.
“Ez gatoz bat Auzitegi Gorenak hartutako erabakiarekin. Biktima guztiek egia, justizia eta konponketa merezi dute, baina auzitegi horrek erasotzaileen alde jokatu du oraingoan ere”, esan dute juristek.
Gauzak horrela, Auzitegi Konstituzionalean babes-helegitea jarriko dute, eta atzera botatzekotan, hurrengo urratsa Europara joatea izango dela iragarri dute. Ildo horretatik, Giza Eskubideen Europako Auzitegira jotzeko aukera aztertuko dute. “Espainiak ezin die entzungor egin frankismoak eragindako 14.000 biktimei”, gaineratu dute.
Diktaduraren biktima guztiak gogoratzeko helburuarekin, Eroritakoen Haranean aldaketa batzuk egitea proposatzen zuten juristek. Era berean, hildako guztiak identifikatzea eta beraien izen-abizenak agertzea eskatzen zuten.