Politika -
Algorta
Txikia plazari izena aldatzeko prozesua abiatuko du Getxok
EAEANak epaia eman zuen aurreko urrian eta, horren arabera, izenak terrorismoaren biktimen duintasuna urratzen du. Eustakio Mendizabal 'Txikia' Poliziak hil zuen 1973an.
agentziak | erredakzioa
Getxoko (Bizkaia) Udalak prozesu parte-hartzailea abiaraziko du herritarrekin hilak 28tik otsailaren 5era arte, Txikia plazaren egungo izena (Poliziak 1973an hil zuen militante antifrankista), Algortan, aldatzeko. Hala, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiak (EAEAN) 2016eko urrian emandako epaia beteko du Udalak, plazaren izena aldatzea agindu baitzuen.
Eustakio Mendizabal 'Txikia' ETAko buruzagia zen, Poliziaren arabera, Poliziak tiroz hil zuenean, 1973an Algortan jazotako tiroketa batean. EAEANk emandako epaiak Algortako plaza horretako izena aldatzea agintzen du, terrorismoaren biktimen "duintasuna urratzen" duela iritzita.
Udalak proposatutako izenek lotura zuzena daukate inguruko toponimiarekin, eta emakume baten ausardia goraipatu nahi izan du. Hauek dira proposatutako izenak: Iturriondo, Faduran XVIII. mendetik XXeko amaiera arte 'Iturribarri' izeneko iturri baten izenetik hartua; Palatondo, 'Palata' mahatsondoak zurez egiteko prozesuaren izena, euskaraz, antzina, inguruan mahatsondo mordoa zegoen eta, azkena, Maria de Ibarra, senarraren tratu txarrak salatu zituen lehen emakume getxoztarra izan zen. Agiri ofizialen arabera, 1664an egin zuen salaketa De Ibarrak.