Politika -
EUROPAKO PARLAMENTUA
Gaixo larri dauden presoen egoera azaldu die Etxeratek eurodiputatuei
Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentariak gonbidatuta, hainbat talde politikotako ordezkariekin bildu dira Bruselan presoen senideak.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gaitz larriak dituzten euskal presoen egoera azaldu die Etxerat elkarteak Europako Parlamentuko hainbat talderi. Josu Juaristi EH Bilduko europarlamentariak gonbidatuta, hainbat talde politikotako ordezkariekin bildu dira, gaur, presoen senideak Bruselan. Osasun egoera larrian dauden presoak gero eta gehiago direla salatu dute, eta horien eskubideak bermatzeko, laguntza eskatu diete eurodiputatuei.
Parlamentuan bertan egin duten agerraldian, Juaristik adierazi du Espainiako eta Frantziako espetxeetan larriki gaixo dauden presoen egoera azaldu dietela Etxerateko ordezkariek eurodiputatuei. Juaristiren arabera, Espainiak eta Frantziak ez dituzte betetzen Europak gaixo dauden presoentzat ezarritako estandarrak.
2015eko martxoan ere Europako Parlamentuan izan ziren euskal presoen senideak, eta Urtzi Errazkin Etxerateko ordezkariak gogora ekarri duenez, bisita haren ondoren Europako Parlamentuko ordezkaritza bat Euskal Herrian izan zen, eta hainbat alderdi eta elkarterekin bildu ondoren, txosten bat osatu zuen presoen egoeraren inguruan.
Bruselara egiten ari diren bigarren bisita honen helburua "konpromiso berriak" eskatzea eta gaitz larriak dituzten presoen alde urratsak ematea dela esan du Errazkinek.
Etxeraten arabera, egun 22 preso daude gaixo larri. "Espainiako, Frantziako edota nazioarteko legeen arabera, kalean behar lukete", azpimarratu du Errazkinek.
Gaur eta bihar egingo dituzten bileretan, informazio guztia helaraziko diete europarlamentariei, eta presoen egoera hobetzeko Europak eskaintzen dituen aukerak aztertu nahi dituztela zehaztu du elkarteko bozeramaileak.