Politika -

Funtzio publikoa

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak 35 orduko lan-astea baliogabetu du

Auzitegiak aintzat hartu du Estatuko Abokatutzak Urkulluren Gobernuak otsailean onartutako dekretuaren aurka jarritako helegitea.

O.A. | EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak baliorik gabe utzi du Eusko Jaurlaritzak 2016an administrazio publikoko langileei ezarritako 35 orduko lan-astea. Aipaturiko auzitegiak aintzat hartu du Estatuko Abokatutzak Urkulluren Gobernuak aurtengo otsailean onartutako dekretuaren aurka jarritako helegitea.

Noticias eta Vocento taldeek gaur argitaratutako informazioaren arabera, auzitegiak bere egin du Estatuko Abokatutzaren tesia. Haren esanetan, Espainiako Gobernuak 2012an onartutako dekretua (37,5 orduko lanaldia ezartzen zuena) otsailean Jaurlaritzak onartutakoaren gainetik dago.

Eusko Jaurlaritzak otsailean 1.592 orduko lanaldia ezarri zien administrazio publikoko langileei 2016rako, hots, 35 orduko lan-astea. Epaileek diote, ordea, erabakiak ez duela 2012tik estatu-mailan indarrean den arau orokorra betetzen. 2012ko lege horrek 37,5 orduko lanaldia ezartzen du eta autonomia erkidegoek ere bete beharrekoa da.

Epaiaren arabera, Euskadiko administrazio publikoko beharginen lanaldiak estatu mailakoen berdina izan behar du. Epaileek gaineratu dutenez, ez dago Eusko Jaurlaritzak dekretua onartzerakoan argudiatutako eskumen arazorik.

Datozen asteotan ezagutuko da epaiak zein ondorio izango dituen, behin Funtzio Publikoko Mahai Orokorra elkartzen denean.

Eusko Jaurlaritzak gaur aztertuko du epaitegietako erabakia gaurko Gobernu bileran.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Eusko Jaurlaritza Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Funtzionarioak argazkiak Espainiako Gobernua albisteak Gaurko titularrak Albisteak EAEko Justizia Auzitegi Nagusia