Politika -
ALTSASUKO GERTAKARIA
Zoidok Nafarroako Gobernuari: 'Guardia zibilak ez babestea larria da'
Maria Solana Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak gaitzetsi egin ditu Zoidoren hitzok, eta gogora ekarri du Atsasukoa gertatu zenean, Foru Gobernuak berehala adierazi zuela bere "gaitzespen irmoa".
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Juan Ignacio Zoido Espainiako Barne ministroak gogor kritikatu du Nafarroako Gobernua, Altsasuko gertakarien aurrean erakutsi duen "arduragabekeriagatik". Zoidok esan duenez, guardia zibilak eta haien bikotekideak ez babestea "oso larria da".
Kongresuan goizean egin den osoko bilkuran egin ditu adierazpenok ministroak, Carlos Salvador UPNko diputatuaren galderari erantzunez. Salvadorren ustez, Nafarroako hainbat erakundek "Altsasuko erasotzaileak" babestu dituzte, "guardia zibilak babestu beharrean".
Zoidok Espainako Gobernuaren babesa helarazi die guardia zibilei eta bikotekideei. Horren iritzian, honelako kasuetan erakundeen jarrerak "argia" izan behar du eta "aliantza politikoek edota sinpatiek" ezin dute eraginik izan erantzunetan. "Askatasuna errespetatu egin behar da, eta gobernu bat arduratsua baldin bada, errespetu horrek ezin du hutsik egin, sinesmen, sexu edo erlijio ororen gainetik. Hala egiten ez duena, oker dabil, eta larria da", esan du. Nafarroako Gobernuaren erantzuna Maria Solana Nafarroako Gobernuaren bozeramaileak gaitzetsi egin ditu Zoidoren hitzok, eta gogora ekarri du Atsasukoa gertatu zenean, Foru Gobernuak berehala adierazi zuela bere "gaitzespen irmoa".
Ministroaren gaurko adierazpenek "kezka eta harridura" eragin dizkiotela esan du Solanak. Bozeramailean hitzetan, Foru Erkidegoan bizi diren "herritar guztien askatasunaren alde lanean" jarraituko du Nafarroako Gobernuak.
Halaber, UPNko diputatuaren jarrera kritikatu du Solanak, Kongresuan gaiari buruzko galdera eginda, polemika piztea izan dela helburua salatuz.