Politika -
POLIZIA OPERAZIOA
Luhusoko atxilotuak, Parisera bidean
Ustezko terrorismo kasuetan Frantziako legediak atxiloaldia 96 ordu, 4 egun, luzatzea ahalbidetzen du.
EITB.EUS
Luhusoko (Lapurdi) polizia-operazioan atxilotutako bost pertsonak Parisera bidean dira epailearen aurrean deklaratzeko. Ustezko terrorismo kasuetan Frantziako legediak atxiloaldia 96 ordu, 4 egun, luzatzea ahalbidetzen du.
Helburu terroristadun gaizkile talde bateko kide izatea eta armen eta lehergailuen inguruko legedia urratu izana leporatzen diete. Poliziaren arabera, atzemandako armei hatz-markak edo arrastoak desagerrarazi nahi zizkieten.
Elkarretaratzea, Donibane Garazin
Bestalde, Ipar Euskal Herriko gizarte eragileek babestuta, elkarretaratzea egin zuten atzo 11:30ean Donibane Garaziko herriko etxearen aurrean, atxiloketak salatu eta 'Bakearen artisauak' aske utz ditzaten eskatzeko. Mixel Berhokoirigoin, Jean Noel Etxeberri, Michel Bergougnan, Beatrice Molle eta Stephane Etxegarai dira atxilotuak, Ipar Euskal Herriko ekintzaile ezagunak eta bakearen aldeko mugimenduetan parte hartutakoak bostak, eta ETA armagabetzeko prozesuan parte hartzeko eta armak suntsitzeko asmoa zuten.
Operazioaren kontra ahots ugari altxatu dira azken orduotan. Alderdi politiko eta gizarte eragile ugari bildu ziren, atzo arratsaldean, Baionan egin zen manifestazioan, atxilotuak berehala aska ditzatela eskatzeko.
Hasieran, Michel Tubiana Giza Eskubideen Ligako ohorezko presidentea ere atxilotu zutela zabaldu zen arren, Tubianak berak gezurtatu egin zuen; Luhusoko bilerara ez zela joan azaldu zuen. Le Monde egunkariari jakinarazi zionez, Frantziako Gobernuak bazuen operazioaren berri.