Politika -

EUSKO JAURLARITZA

Gobernu akordioa adostu dute EAJk eta PSEk

Akordioa ''programatikoa eta gobernu-egiturazkoa'' da. Hiru sail izango dituzte sozialistek, EiTBk jakin ahal izan duenez.

EAJ-PSE ituna: Jaurlaritzak 11 sailburu izango lituzke, 3 sozialistak

1:31

EITB.EUS

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

EAJk eta PSE-EEk berriro elkarrekin osatuko dute Eusko Jaurlaritza, 18 urte eta gero. Bai jeltzaleek eta baita sozialistek ere gobernu koaliziorako aurreakordioa baieztatu zuten igandean.

Ohar baten bidez, EAJk esan du aurre-akordio hori ''programatikoa eta gobernu-egiturazkoa'' dela, eta bi alderdiek beren botere organoetan onartu behar dutela. PSE-EEk ere Twitterren baieztatu du ituna.

Akordio horretan jasotzen denez, 9 legebiltzarkide sozialistek babesa emango liokete Iñigo Urkulluren hautagaitzari, jeltzaleek oharrean azpimarratu dutenez. Behin lehendakaria dela, Urkulluk koalizio gobernua sortuko luke, sozialistak bertan direla.

Efe agentziaren arabera, testua lau ildotan oinarritzen da: enplegua eta garapen ekonomikoa, zerbitzu publikoak, bakegintza eta elkarbizitza eta autogobernuaren garapena.

Irailaren 25eko hauteskunde autonomikoen ondoren abiatu zituzten elkarrizketak eta, Radio Euskadik baieztatu duenez, bart itxi dute gobernu akordioa. Hiru sail izango dituzte sozialistek Jaurlaritza berrian, Merkataritza eta Turismokoa horietako bat izanik, EiTBk jakin ahal izan duenez.

Gaur, astelehena, berretsiko dute itun hori bi alderdiotako zuzendaritzek eta, itxuraz, akordioa asteartean sinatuko dute, inbestidura saioa hasi bezperan.

Izan ere, Legegiltzarreko osoko bilkura azaroaren 23an eta 24an egingo dute eta, litekeena da ostegunean izendatzea Iñigo Urkullu lehendakari, bigarren bozketan (37 botorekin, EAJren 28 ordezkarien eta PSE-EEren 9 legebiltzarkideen babesarekin).

Hurrengo urratsa larunbatean izango da, azaroaren 26an, orduan egingo baitu zin kargua lehendakari berriak Gernikan.

Erreakzioak

Horren berri izan ostean, EH Bilduk horren balorazioa egin du Twitterren. ''EAJ-PSE gobernu akordioa ez da ona gure herriarentzat, ez du aurrerapausorik ekarriko arlo nazionalean, sozio-ekonomikoan eta bakegintzan'', idatzi dute. ''EAJ-PSE gobernu akordioak urteetako paralisiarekin jarraitzea ekarriko du, ez die erantzuten herri honek dituen erronkei'', gaineratu dute.

Nagua Alba Podemos Euskadiko idazkari nagusiak, bestalde, adierazi du akordioa ez dela nahikoa, eta aurrez ikus zitekeela. ''Euskadi mailara eramango dute jada aldundietan eta udaletan egiten dena; bertan alderdi progresista batek EAJren politika kontinuistan galtzen da, bizirik irauteko'', esan du.

Euskadiko PPrentzat, akordioa "interesatua da", eta deitoratu du EAJk eta PSEk akordioaren "edukiari buruz hitz egitea saihestea".

Historia

Duela 18 urte adostu zuten azkenekoz EAJk eta PSEk gobernu akordioa, 1986ko hauteskundeen ondoren. 1987-1998 urteetan sozialistek eta jeltzaleek erdietsitako itunari esker izan zen lehendakari Jose Antonio Ardanza.

Koalizio ituna 1987an sinatu zuten. EAJren eta Eusko Alkartasunaren arteko zatiketaren ondoren, bat egin zuten jeltzaleek eta sozialistek. Eten bat izan zuen akordio horrek, 1991n, zortzi hilabetekoa, Eusko Legebiltzarrean EAJk autodeterminazioaren alde bozkatu zuenean. Urte horretan bertan baina, berriro bideratu zuten akordioa.

1987ko koalizio gobernuan Ramon Jauregi sozialista izan zen Ardanzaren lehendakariorde aurreneko legealdian, eta Fernando Buesa, ondorengoan. Pisu handiko sailak zuzendu zituzten sozialistek; Hezkuntza, Osasuna, Ekonomia, Justizia eta Enplegua, tartean.

Bi alderdien arteko haustura 1998an gertatu zen; jeltzaleek ezker abertzalearengana hurbiltzeko keinuak eta Lizarra Garaziko akordioak urrundu zituen EAJ eta PSE.

 

Koalizio gobernuak egonkortasuna emango omen dio legegintzaldiari
Koalizio gobernuak egonkortasuna emango  omen dio legegintzaldiari
Koalizio gobernuak egonkortasuna emango omen dio legegintzaldiari

1:48

 

12 urte egin zituzten elkarrekin jeltzaleek eta sozialistek Jaurlaritzan, baina beste hainbat erakundetako gobernutan ere elkarrekin izan dira. Irailaren 25eko Udal eta Foru Hausteskundeen ostean, EAJk eta PSEk koalizio gobernuak dituzte Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako foru aldundietan,  eta beste horrenbeste, Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat udaletan.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika albisteak EAJ-PNV Eusko Jaurlaritza Alderdi politikoak Euskal sozialistak Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea