Politika -

Manifestaziorako deialdia

Agerraldi jendetsua Altsasun, atxilotuei babesa adierazteko

Datorren larunbatean herrian egingo den manifestazioan parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Manifestazioaren leloa 'Altsasu' izango da.

Altsasun gaur izandako agerraldia. Argazkia: EiTB
Altsasun gaur izandako agerraldia. Argazkia: EiTB
Ehunka lagun bildu dira Altsasun, auzipetuak babesteko

1:17

Agentziak | Eitb.eus

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Agerraldi jendetsua egin dute gaur goizean Altsasun ehunka herritarrek, tartean herrian izan zen liskarraren harira atxilotuta dauden gazteen lagun eta senideek, datorren larunbatean (azaroaren 26an), egingo den manifestazioaren nondik norakoak azaldu eta berarekin bat egitea eskatzeko. Aipatu manifestazioa isila izango da, 13:00etan hasiko da eta bertako lelo bakarra 'Altsasu' izango da, herri osoa biltzea baitu helburu.

Gaur eguerdian egindako prentsaurrekoan Javier Ollo herriko alkateak ere parte hartu du. "Erabaki judizialekiko" errespetua agertu duen arren, ez dator bat bi guardia zibil eta haien bikotekideekin izandako liskarrengatik "terrorismo delitua" egotzi izana auzipetuei. Aldi berean, egindako atxiloketak eta hartutako kautelazko neurriak beharrezkoak ez zirela iritzi dio.

"Erabat gaitzesten ditugun eta sekula gertatu behar ez ziren gertakarien ostean, etengabeko zentzugabekeriaren lekuko izan gara", adierazi du Ollok. Horren aurrean, eskerrak eman dio Altsasuko herriari "erakusten ari den jarrera eredugarriagatik".

Alkateak bere egin du "atxilotutako senideen atsekabea", "babesgabe eta oso arduratuta" baitaude euren seme-alaben etorkizunarekin, "beldur baitira kartzela-zigor luzeak ez ote dituzten bete beharko" egintzak terroristatzat hartu izan ostean. Izan ere, 10 eta 15 urte arteko espetxe-zigorra jaso dezakete urriko operazioan auzipetu zituzten bederatzi lagunen artetik zazpik.

Horregatik guztiagatik Nafarroako erakundeen laguntza eskatu du, gertakariak Iruñeko auzitegian epaituak izan daitezen, eta ez Auzitegi nazionalean.

Aldi berean, Ollok errefusatu egin du Altsasuri buruz hedabideetan zabaldu den irudia, "errealitaterekin inondik inora zerikusirik ez duena". "Altsasu herri langilea da, historia duena eta anitza eta aniztasun horrekin elkarbizitzen dakiena", gaineratu du.

Senideak, "lur jota eta oso kezkaturik"

Agerraldian atxilotuen senitartekoek ere hartu dute hitza, eta komunikatu bat irakurri dute. Bertan jasotakoaren arabera, "lur jota eta oso kezkaturik" daude. Adierazi dutenez, ulergaitzak egiten zaizkie atxiloketak eta euren aurka hartu dituzten badaezpadako neurriak (Soto del Real eta Alcala Mekoko kartzeletan daude atxilotuak, baldintzarik gabeko espetxe zigorra ezarrita).

Senitartekoen aburuz, "ez dago inolako arriskurik ihes egin dezaten, gure seme-alaben nahia etxera itzuli eta euren egunerokotasunari berriro heltze baita". Aldi berean, eskertu egin dituzte herrikideengandik jasotako "babesa eta elkartasun adierazpenak", eta herriaren "gizabidezko erantzuna" nahi izan dute azpimarratu.

Bere aldetik, Altsasuarra eta harro herri-plataformak salatu egin du Altsasuko "irudia eta gure bizikideen bizitza oso kaltetua" izaten ari dela eta ez dela egin horren gaineko zuzenketarik. "Herria deseginda dago, seinalatu egin gaituzte, gure izen ona zikindu dute, kriminalizatu egin gaituzte, eta ez ditu oso ondo ezagutzen zer eragin gehiago izan ditzakeen honek guztiak", gaineratu dute.

"Beste edozein tokitan taberna bateko liskarra besterik izango ez zena, hemen terrorismotzat aurkeztu nahi dute", kritikatu dute plataformatik.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Nafarroa gaur Eguneko albisteak Eguneko albisteak Protestak gaur Altsasu albisteak Gazteak gaur