Politika -
Poliziaren biktimen legea
Pili Zabalak Alfonso Alonsori: 'Lagunduko zenidala esan zenidan'
Alderdi Popularrak Poliziaren biktimak aitortzeko Legebiltzarrak onartutako legearen kontra helegitea jarri izana aurpegiratu dio Zabalak Alonsori.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Jardunean dagoen Espainiako Gobernuak 1978 eta 1999 urteen artean Poliziak eragindako biktimak aitortzeko Eusko Legebiltzarrak onartutako legearen kontra helegitea aurkeztu izana aurpegiratu dio Pili Zabala Elkarrekin Podemoseko talde parlamentarioaren presidenteak Alfonso Alonso Euskadiko PPren presidenteari.
“Gaur jakin dugu zuen alderdiak errekurtsoa jarri duela biktimatzat aitortzen gaituen legearen aurka. ETBko debatean lagundu egingo zenidala esan zenidan…”, gogoratu dio Zabalak Alonsori Twitter sare sozialean idatzitako mezu baten bidez.
Irailaren 15ean egindako hauteskunde eztabaidan, terrorismoaren biktimatzat jotzen zuen ala ez argitzeko eskatu zioen Elkarrekin Podemoseko lehendakarigaiak Alonsori, eta honek ezetz erantzun zion: “Legea idatzita dagoen moduan, ez”.
Momentu horretan biak elkarri begira geratu ziren. Bost segundoko isilune luzea izan zen. Pili Zabalak ez zuen burua makurtu eta isilunea aurkezleak hitza hartuta amaitu zen.
Biharamunean PPko hautagaiak atzera egin zuen, Twitter bidez: “Zure neba GALen terrorismoa hil zuen. Atzo zure minak zirrara eragin zidan. Nire babesa duzu eta lagundu egingo zaitut”.
Espainiako jarduneko Gobernuak biktimatzat aitortzen duen euskal legea Auzitegi Konstituzionalaren eraman duen egunean, promestutako hura gogoratu dio Zabalak Alonsori.