Politika -

RAJOYREN INBESTIDURA

Abstentzioaren truke baldintzak jarri edo ez aztertzen ari da PSOE

Datorren astean bilduko dira PSOEren gestio batzordeko kideak, eta urriaren 23rako deituko dute Batzorde Federala. Bilera horretan erabakiko da Rajoyri, abstentzioaren truke, baldintzak jarri edo ez.

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

PSOE eztabaidan ari da, hirugarren hauteskundeak saihesteko Mariano Rajoyren inbestidura ahalbidetuko duen abstentzioaren alde eginez gero, PPren Gobernuari baldintzaren bat jarri ala ez. Iturri sozialistek eman dute horren berri.

Javier Fernandez gestio-batzordeko presidenteak Rajoyrekin hitz egin du azken egunotan, baina oraindik ez du esan, balizko abstentzio baten truke baldintza sozial eta ekonomikorik jarriko ote luketen.

Sozialisten egoitzan izandako hainbat bileratan, PPk PSOEren proposamenak onartzea ona ote litzatekeen eztabaidatu dute. Izan ere, sektore baten arabera, baldintzak onartuz geroz, Rajoyren izendapena ez litzateke doakoa izango. Neurri horiek Pedro Sanchez idazkari nagusi zela defendatutakoak dira. Batetik, gutxieneko diru-sarrera bermatzeko proposamena egin zuten, eta 700.000 euro bideratuko lituzkete etxebizitza txiroenetara. Bestetik, iraupen luzeko langabeziari aurre egiteko plana aipatu zuten, 52 urtetik gorakoentzat batik bat.

Jarrerak ez daude argi eta iritzi kontrajarriak daude Ferrazen PPren Gobernuari neurriren bat eskatu beharko litzaiokeen adosteko. Izan ere, PPrekin konpromisoak hitzartzeak oposizioan lan egiterakoan PSOE baldintzatuko lukeela diote batzuk. Aitzitik, abstentzioa inolako baldintzarik gabe emanez gero, sozialistek eskuak libre izango lituzketela defendatu dute beste hainbatek. Horien aburuz, oposizio zorrotza egin ahal izango lukete, PPk azken lau urteotan onetsitako lege polemikoenak baliogabetzeko.

Abstentzioari "prezioa" jartzearen aldekoek diotenez, Gobernuak datorren urteko aurrekontuetan hainbat neurri sozial sartzea lortuko lukete.

Datorren astearteko bileran, PSOEren gestio-batzordeak Batzorde Federala deituko du urriaren 23an. Orduan erabakiko dute Rajoyri abstentzioa eman ala ez. Beraz, baldintzapeko abstentzioa onartuz gero ere, ez dago tarte handirik negoziaziorako.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Alderdi Sozialista Mariano Rajoy Espainiako Gobernua albisteak Espainia bideoak Alderdi politikoak Pedro Sánchez bideoak Eguneko albisteak Gaurko azken ordukoa