Politika -
Ertzaintzaren 25. promozioa
Ertzaintzaren LEPa geldiaraztea baztertu du EAEko Auzitegi Nagusiak
Lan Eskaintza Publikoa legez kanpoko jo zuen epaia betetzeak "zuzentzeko zailak diren kalteak" eragingo lituzkeela uste du epaitegiak, ez baitago erabaki irmorik.
Agentziak | Erredakzioa
Estatuko Abokatutzak egindako eskaera ezetsita, Ertzaintzaren azken Lan Eskaintza Publikoa (LEP), 25. promozioari dagokiona, geldiaraztea baztertu du EAEko Auzitegi Nagusiak.
Auzitegi honek LPEa legez kontrakoa zela ebatzi zuen uztailean, eta erabaki hori betearazteko eskatu zuen Espainiako Gobernuak. Auzitegiak, baina, baztertu egin du aukera hori, epaia betetzeak "zuzentzeko zailak diren kalteak" eragingo lituzkeela uste baitu. Izan ere, LEPa gainditu zutenak praktikak egiten ari dira joan den uztailetik.
Lan Eskaintza Publikoa baliogabetzeko epaia ez da irmoa, eta Jaurlaritzak helegitea jarri zuen epai horren kontra. Ondorioz, behin-behinean, auzitegiek auziaren inguruko behin betiko erabakia hartu bitartean, jardunean jarraitu ahalko du Ertzaintzaren 25. promozioak.
Ekainean aurkeztutako epaiak 254 agenteri eragiten die, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak 2015ean deitu zuen Ertzaintzaren azken Lan Enplegu Publikorako eskaintzan plaza lortu zutenei, hain zuzen.
Aretoak bost eguneko epea ezarri du gaur jakitera eman duen epaiari helegitea jartzeko.
Espainiako Gobernuak Ertzaintzaren azken Lan Eskaintza Publikoaren kontra helegitea jarri zuenean hasi zen guztia, Gobernuak funtzionarioentzat ezarritako berritze-tasa errespetatzen ez zuela iritzita.
EAEko Auzitegi Nagusiak Mariano Rajoyren gobernuari eman zion arrazoia, Eusko Jaurlaritzak bere eskumenak gainditu zituelakoan. Estatuko Abokatutzak epai hori betearaztea eskatu zuen ondoren, Auzitegi Gorenak Jaurlaritzak jarritako helegitea aztertu baino lehen.
Eusko Jaurlaritzaren datuak eskuan, EAEko Auzitegi Nagusiak azaldu du 254 ertzain ari direla praktikak egiten, eta Segurtasun Batzordean adostutako 8.000 ertzainen langara iristeko 145 falta direla gaineratu du. Hori dela eta, epaia geldiaraztea baztertu du EAEko Auzitegi Nagusiak.
Jaurlaritzak "pozez" hartu du EAEko Auzitegi Nagusiaren erabakia. Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak esan duenez, Jaurlaritzak Ertzaintzaren 25. promozioa defendatzen jarraituko du Auzitegi Gorenean, ertzainen kopuruari eusteko.