Politika -
MANIFESTAZIOA
Jendetza batu da Donostian, presoen eskubideen alde
Bi manifestazio egin dira. Lehena, 13:30ean abiatu da, preso ohiek osatutako talde batek deituta, eta ordu erdi geroago, bigarren martxa abiatu da, ATA mugimenduaren izenean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ehunka pertsona bildu dira Donostiako erdiguneko kaleetatik barrena presoen alde eta 'Amnistiaren norabidean, euskal preso eta iheslariak etxera' lelopean gaur eguerdian egin den manifestazioan.
Preso ohien talde batek deitutako martxa 13:30 jota zirenean abiatu da Boulevardetik, eta, besteak beste, Maitane Sagastume, Antton Lopez Ruiz "Kubati", Jesus Maria Zabarte, Xabier Alegria eta Juan Mari Olano joan dira pankartari eusten.
Martxari ekin aurretik, Maitane Sagastumek, euskaraz, eta Antton Lopez Ruiz "Kubati"-k, gaztelaniaz, bozeramaile lanak egin dituzte. Azken horren esanetan, manifestazioarekin "gatazka honen errepresaliatu politikoek jasaten dituzten premia gabeko zurruntasunak ezabatzea" eskatu nahi izan dute, baita "aurreko hamarkadetan gure herriak bizitako gatazka zikloa behin betiko ixtea" ere.
"Herri honek bakea behar du, adiskidetzea, baina ezingo da hori gauzatu, baldin eta ez baditugu etxera ekartzen errepresaliatuak, presoak, erbesteratuak, deportatuak", azpimarratu du.
14:00etan, presoen aldeko beste manifestazio bat abiatu da, ATA (Amnistia Ta Askatasuna) mugimenduak antolatuta.
"Euskal presoak etxera, amnistia osoa" leloa zuen pankarta baten atzean, ehunka lagun joan dira, deialdi horri ere erantzunez.
Sendoa Jurado mugimendu horren bozeramaileetako batek adierazitakoaren arabera, nahiz eta euren asmoa "erabateko amnistia" lortzea den, gaurko manifestazioaren ardatza gaixo dauden presoek bizi duten egoera salatzea izan da.