Politika -
Galdeketa
Itsasoarrek irailean erabakiko dute udalerri berria eratzen duten
Itsason erroldatuta dauden bizilagunek irailaren 18an erabakiko dute Ezkiotik bereizi eta udalerri berria eratu nahi duten.
Agentziak | Eredakzioa
Itsasoko (Gipuzkoa) bizilagunek irailaren 18an, igandea, erabakiko dute Ezkiotik bereizi eta Gipuzkoako 89. udalerria eratu nahi duten ala ez. Gipuzkoako Foru Aldundiak deitu du desanexiorako galdeketa, eta, erabakia loteslea ez den arren, emaitza errespetatu egingo dutela iragarri du.
Itsason bertan egingo da galdeketa, 09:00ak eta 20:00ak bitartean, eta Itsason erroldatuta dauden bizilagunek “bai” ala “ez” erantzun beharko diote galdera honi: “Nahi al duzu Itsaso berriro udalerri izatea?”.
Herritarren erabakia egunean bertan ezagutaraziko da, eta emaitza baiezkoa bada, Aldundiak desanexiorako foru dekretua kaleratuz burutuko du espedientea. Halaber, datozen udal hauteskundeak izan arte, batzorde kudeatzailea eratuko da Itsason, eta gaur egun Ezkio-Itsasoko Udalbatzarrean Itsasok dituen bi ordezkariek Ezkioko biri utziko diete kargua.
Bestalde, Imanol Lasa Aldundiko bozeramaileak azpimarratu duenez, “Itsasoko herritar guztiei hitza emango zaie egun horretan”, eta, galdeketari esker, “hasieratik adostu” zuten "zirkulua itxi" egingo dute irailaren 18an.
Lasaren arabera, Itsaso udalerri izateko desioa “beti egon da gogoan, batzuetan indar gehiagorekin eta bestetan gutxiagorekin. Era berean, egindako guztia “adostasunetik abiatuta” egin dutela esan du Lasak: “Momentu oro, Aldundiaren eta Udalaren eskutik joan dira sustatzaileak”.
2015eko martxoaren 16an egindako Osoko Bilkuran, Ekzio-Itsasoko Udalak Itsasoko udal eremuaren desanexioa onartzea eta udalerri gisa eratzea onartu zuen.
Erabaki horren inguruko espedientea apirilaren 4an helarazi zion Foru Aldundiari, eta inplikatutako eragileek hainbat elkarrizketa izan ondoren, herri galdeketa deitzea erabaki du Aldundiak, agiri batean jakinarazi duenez. Modu horretan, babesa adierazi nahi dio hasieratik ezagutu eta erraztu duen prozesuari.
2/2003 Foru Arauaren bigarren xedapen iragankorrean dago desanexiorako oinarri juridikoa. Xedapen horren arabera, 60ko hamarkadan bat egin behar izan zuten udalerrien kasuan, ez da beharrezkoa bertako bizilagunen iritzia kontuan hartzea desanexioa gauzatu eta bategitearen aurretik zituzten ezaugarri historikoak berreskuratu nahi izanez gero.